Crowfundinga abiatu du Endika Diazek 'Arde la niebla' erakusketa liburu bilakatzeko

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 10a

'Arde la niebla' liburuaren azala. / Endika Diaz

Argazkilari amurrioarrak irudi eta ikerketa lana argitaratzeko ekimena abiatu du eta pare bat egunetan lortu du behar duen babes ekonomikoaren ia erdia. 

Endika Diazek urrats berria eman du Arde la niebla lanarekin eta liburua bihurtuko du orain arte erakusketa izan dena. Duela urtebete baino gutxiago Argazkia.eus lehiaketa irabazi zuen eta aitortza horrekin ekin zion erakusketa egiteari. Baina orain beste euskarri batean aurkeztu nahi du argazkigintza zein ikerketa obra. Horretarako, hain zuzen, zabaldu du crowfundinga hemen.

Liburuak 86 orrialde izango ditu, 15x20 zentimetroko tamaina eta azal gogorra.

Berez, Jaime Narvaez diseinatzailearekin eta Gustavo Bravo Jardín Remoto eskolako zuzendariarekin aritu da elkarlanean proiektua egikaritzeko eta, gainera, Dolores Vazquez Vilameak idatzi du hitzaurrea. Gogoratu beharra dago Arde la nieblak 1962an Urduñako mendatean orkestra galiziar batek izandako istripu lazgarria lantzen duela eta aipatutako emakumea dela, hain zuzen, ibilgailuaren gidariaren alaba.

Hainbat aukera

Ekarpen ekonomikoa egiteko interesa dutenek jakin behar dute aukera anitzak izango dituztela. Egileak horretarako beta eskaini du eta, adibidez, liburua eskuratu nahi ez dutenek, baina laguntzeko gogoa daukatenek, 10 euroko dohaintza egin dezakete. Orain arte arrakasta gehien izan duen eredua Behelainoa izan da, 30 euroren truke liburua eskuratzeko eskubidea ematen baitu. 

Edonola ere, 50, 70 edota 150 euroko trukeak egiteko parada dago. Modalitate bitxiena 350 eurokoa da, eta argazkigintza talde eta elkarteei bideratuta dago. Liburuaren hiru ale ez ezik, hitzaldia jasotzeko eskubidea ere ematen du.

Epeak

Crowfunding kanpaina 38 egunez luzatuko da eta egilearen asmoa da irailean eta urrian maketazio eta edizio lanak burutzea azaroan inprimategira bidaltzeko. Abenduan egingo du aleen banaketa. Crowfunding barruan argitaratuko ez diren liburuek 40 euroko prezioa izango dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide