Kultur sorkuntza Aiaraldean

Maitane Perez Gomezek bere lehen eleberria argitaratu du eta Euskadi Literatura Sariko epaimahaian aritu da

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 18a

Maitane Perez Gomezen eleberriaren azala.

Amar, arder y repetir da nobelaren izenburua eta emakume gazte baten bizipenetan zentratzen da, harreman toxikoak erdigunean jarrita. Bestalde, Amurrion bizi den egilea Euskal Idazleen Elkarteko ordezkaria izan da Euskadi Literatura Sarien epaimahaian.

Maitane Perez Gomezek indartsu hasi du uda osteko garaia. Izan ere, eleberri berria idatzi du: Amar, arder y repetir. Horrez gain, iaz bere lehen lana argitaratu ondoren (doluari buruzko ipuina) Euskal Idazleen Elkarteko kide egin zen eta aurten bere ordezkaria izango da Euskadi Literatura Sarien epaimahaian.

Harreman toxikoak literaturara

Maitane Perez Gomezek abuztuaren 15ean kaleratu zuen bere lehen nobela eta lan horretan putzu sakonetan sartu da: “Bilbon girotutako istorioa da, harreman toxikoez, norberarekiko maitasunaz eta min egiten diguna askatzen ikasteko moduaz hitz egiten duena. Nobela hau beste erregistro batera jauzia da. Istorioa zuzenagoa eta biziagoa da eta gaurko irakurle gazteekin konektatzea bilatzen du, batez ere”.

Amurrion bizi den idazlearentzat ezberdintasun handia dago aurreko ipuinaren eta berriki aurkeztu duen liburuaren artean: “Txikienei galera ulertzen laguntzeko jaio zen lehen ipuin oso pertsonal batetik, emozio helduen intentsitatea islatzen duen eleberri batera. Bi mundu desberdin, baina hari berarekin: literatura konektatzeko eta hunkitzeko tresna gisa erabiltzea”.

“Bilbon girotutako istorioa da, harreman toxikoez, norberarekiko maitasunaz eta min egiten diguna askatzen ikasteko moduaz hitz egiten duena"

Izan ere, eleberria harreman erromantiko toxikoei so jartzen da, emakume baten ikuspegitik: “Istorioak emakume askok bizi izan ditugun sute emozionalei buruz hitz egiten du: pasioa diruditen baina kontrola ezkutatzen duten harremanak, hitzek baino pisu handiagoa duten isiltasunak, beti zuzenak ez diren baina asko irakasten diguten erabakiak… Nobelak maitasuna eta mendekotasuna nola nahasten diren islatzen du, baita lagunek edonoren bizitzan duten garrantzia ere. Askotan hori baita betirako irauten duen benetako maitasun bakarra”.

Euskadi Literatura Saria

Testu horren aurkezpena ez ezik, bestelako erronka izan du Maitane Perez Gomezek Euskadi Literatura Sariko epaimahaian: "Euskal Idazleen Elkarteko kide egin nintzen, eta, horri esker, aurtengo Euskadi Literatura Sarien epaimahaian elkartearen ordezkari gisa parte hartu ahal izan dut. Plazer handia izan da esperientzia hau euskal literaturako adituekin (Patxi Zubizarreta, Pello Otxoteko, Danele Sarriugarte eta Alex Gurrutxaga) partekatzea. Asko ikasi eta gozatu dut prozesuaz. Hasieran 'beldurra' ematen zidan sortzen ari den idazle gisa, nire iritzi eta iradokizunak ematea, baina oso esperientzia aberasgarria izan da eta oso eskertuta sentitzen naiz hain maila handiko ingurune batean parte hartu izanagatik". 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide