Saskibaloiak hartuko du larunbatean Bañueta Kiroldegia. Izan ere, Zaraobe herriko klubaren hainbat taldek jokatuko dituzte partida garrantzitsuak. Berez, elkarteak bereziki nabarmendu du gizonezkoen senior jokalariek norgehiagoka inportantea izango dutela, kategoria nazionalera itzuliko baitira. Hori dela eta, harmailak betetzeko gonbita egin diete zaleei.
Euren aurkariak Ulacia ZKE-ko kirolari zarauztarrak izango dira, 19:00etan. Aintzat hartu beharra dago aurreko denboraldian lortu zutela amurrioarrek igoera eta ganoraz ospatu zutela, gainera. Urte luzez kategoria horretan aritu eta gero, larunbatean egingo dute denboraldiko debuta.
Aiaraldeko derbia
Klubak beste bi hitzordu azpimarratu ditu. Alde batetik, amurrioarrek Sugarrak laudioarrarekin jokatuko duten partida. Emakumezko juniorren mailako derbia 16:45ean izango da.
Gizonezkoen kadeteen norgehiagoka ere aipatu dute. Ordu berean egongo da jokoan eta aurrean Araberri egongo da.
Goizean partida gehiago
Arratsaldean ez ezik, goizean ere jarduera egongo da Bañuetako kantxetan. 11:45ean izango dira bi partidak. Emakumezkoen kadeteek Ekhitarraken kontra neurtuko dituzte indarak eta haur taldeak Leioaren kontrako lagunartekoa izango du.