Amurrio Trail taldeak jakinarazi du hautatu dutela jadanik zein elkarte babestuko duten aurtengo Babio Igoera Non Stop egitasmoaren bitartez. Zehazki, APAFAI izango da, autismoa duten pertsonen Aiaraldeko elkartea.
Taldea aurten bertan sortu behar izan dute, ikusita eskualdean Autismo Alava eta Apnabi elkarteek ezin zietela beharrezko bitartekoak eskaini, diagnostikoen gorakada dela medio.
Une horretan, APAFAIko kideek saiakera egin zuten Autismo Alavak bulego bat irekitzeko Aiaraldean, baina ezezkoa jaso zuten. Azkenean, eskualdeko familiek euren elkartea sortu behar izan dute arreta terapeutikoa, hezkuntza-errefortzua, aisialdiko jarduerak, familia-eskola edota senideentzako arnas zerbitzuak jasotzeko.
Dirua ez dutenez, udalekin jarri dira harremanetan eta zozketa ere antolatu dute. Babio Igoera Non Stop ekimena, hortaz, lagungarria izango zaie.
Txandaka Babiora igotzen
Aspaldi antolatzen du Amurrio Trail taldeak elkartasun egitasmoa, Gabonak baliatuta. Horrela, abenduaren 23an 18:00etatik aurrera eta orduro mendizale taldeak abiatzen dira plazatik Babiora, gero bertatik jaisteko. Gauez ere egiten dute eta abenduaren 24an Juan de Urrutia plazatik mendi ibilaldia hasten dute, mendiaren tontorrean amaitzeko.
Orduro igotzen den jendeak inskripzioa egiten du eta diru hori elkarteetara bideratzen da. Iaz, esaterako Arabako Minbiziaren Kontrako elkarteak jaso zuen ekarpen ekonomikoa.