'Euskara gabe ez gara' dinamika

“Euskal hiztun aktibo izateak ezin du soilik lotura izan behar hezkuntza formalarekin”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko urriaren 21a

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak sustaturiko Euskara Gabe Ez Gara manifestuarekin egin du bat Aresketa Ikastolak. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko gainerako ikastetxeetan bezala, Euskalduntzearen apaltzeak kezka sortu du Aresketa Ikastolan. Egoera iraultzeko  herritar ororen elkarlana ezinbestekoa dela aldarrikatu du ITXASO UGARTE Ikastolako zuzendariak.

Euskara Gabe Ez Gara manifestuarekin bat egin du Aresketa Ikastolak, eskualdeko beste hainbat ikastetxerekin batera. Nolako prozesua izan da?

Euskalgintzaren munduan aspaldi daramagu hausnarketak egiten euskararen egoeraren inguruan. Kezka urtez urte geroz eta agerikoagoa izan dela uste dut. Iaz Airaldeko Euskalgintza Kontseiluarekin bidelagun, hausnarketa prozesu sakonagoa abiatu genuen, eskualde hezkuntza-zentro gehienon parte hartzearekin.

Hausnarketa hutsetik haratago, mugarri bat jarri nahi izan dugu oraingoan. Nola ekin dizeaiokegu egoera honi? Horren emaitza da ikastetxe guztion artean osatu dugun manifestu hori. Prozesu sakona baina bizia izan da.

Kezka aipatzen duzue. Non sumatzen dituzue euskalduntze prozesuaren hutsune nagusiak?

Nik uste hutsunerik nagusiena euskararen erabileran dagoela. Eta ez bakarrik Ikastolan, edo gainerako ikastetxeetan, herrietan gertatzen den zerbait da. Datu objektiboak dira. Euskararen kale erabilera oso baxua da. Hemen Amurrion %4koa da erabilera, ezagutza, aldiz, oso altua da aurreko hamarkadekin konparatuz gero.

Ezagutzaren eta erabileraren arteko alde horrek alarmak piztuarazi dizkigu. Erabilera baxua oso kezkagarria da.

Igarri duzue euskararekiko jarreran aldaketarik?

Ikastolako familia kopuru handi bat euskalduna da, eta atxikimendu mailan esango nuke ez dagoela jaitsiera nabarmenik. Baina bai sumatu dugu familien artean badagoela bestelako malgutasun bat. Gizartea eraldatu egin da, beste hizkuntzetatik jasotzen duguna askoz handiagoa da orain… Hori dela eta euskararekiko lehen zegoen jarrera sendo hori malgutu egin da. Euskara erabiltzeko tematiagoak ginen lehen.

Kanpotik datozen influentziek eraginik badute?

Bizi gara geroz eta gizarte orokortuago batean, globalizatuago batean. Euskara bertan diluitua geratzen da.

Dekalogoa osatu duzue euskalduntzeari bultzada emateko neurriekin. Neurri gehienak, ordea, badira Ikastolaren ardatz aspalditik.

Egia da, eta Ikastolen mugimendutik oro har, dekalogo horretan jasotzen diren neurri batzuk, eta ontzat jotzen ditugunak, gainditutzat jotzen genituela. Gure ikuspegitik ari naiz. Neurriok dekalogoan egotea zerbaiten seinale ere bada, eta horrek ematen digu eskualdeko ekosistema guztiaren ikuspegia. Ikastoletan sumatzen ez dugun horren jakitun izan behar gara ere.

Azken finean, egoera hau, guztion ardura da, eta hori oso argi daukagu Ikastolan. Herriak erantzun behar dio euskalduntzeak bizi duen egoerari, denon artean. Eta denon artean esaten dudanean, ez da bakarrik ikastetxeen artean. Ikastetxeengan jarri izan zen, bere garaian, pisu bat euskalduntze prozesu horretan. Eta oraindik ere pisu nabaria dugula jakinda, hau ez da bakarrik ikastetxeon kontua soilik. 

Bada ardura guztia ikastetxeen gainean jartzen duenik.

Euskalduntzeak eta euskal hiztun aktibo izateak ezin du soilik lotura izan behar hezkuntza formalarekin, bestela akats batean eroriko ginateke. Euskal hiztun aktibo izateak esan nahi du, eguneroko bizitzan euskaraz aritzeko aukera eta arnasguneak izatea. Jolasteko, barrez lehertzeko, solasaldiak izateko… tresnak eskaini behar ditu euskarak.

Datuetara itzuliz. Haur edo nerabe batek ikastetxe barruan ematen dituen orduak, urte osoko ikuspegia hartuta, oso murritzak dira. Ikastetxetik kanpo ez badago beste aldea eusten duen euskarririk, oso zaila dugu euskalduntzean aurrera egitea.
Modu askotara joka genezake hori bideratzeko, baina denon ardura da.

Erakundeei ere egin diezue deia.

Ikastetxe guztiok partekatzen dugun kontua da: euskara ez da ardatza, euskara oinarria da. Eta oinarria behar du izan. Instituzioetan aldaketa bat egon behar du. Euskara ezin da izan irla isolatu bat. Euskarak instituzioetatik eragiten diren arlo guztietan egon behar du presente. 

Erakundeek badute pisua ikastetxeen markotik haratago. Haur eta nerabeen aisialdiaz edota bestelako ekimenez ari naiz. Hor marra gorria jarri behar dugu: haur eta nerabeentzat eskaintzen diren kontu guztietan, euskarak oinarri izan behat du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide