El Correo egunkariak gaur artikulua argitaratu du eta bertan aipatu du Tubos Reunidos enpresak, Vicinay konpainiak bezala, arazoak dituela SEPIk egindako mailegua ordaintzeko. Adierazpen horiek iturri sindikalek egin dituztela jaso du egunkariak, baina Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da Langile Batzordearekin eta kontrakoa ziurtatu dute.
Hasteko, komunikabidearekin hitz egin duen ordezkari sindikalak harridura agertu du langile erakundeei ideia hori egozteagatik Hain zuzen, komitea gaur batu da eta guztiek ezeztatu dute horrelakorik esan izana.
Horrekin batera, sindikatuen ordezkariek zenbait nabardura egin dituzte Vocentoko artikuluari dagokionez. Hasteko, jakinarazi dute enpresak esan diela SEPIko mailegua ordaintzen ari dela.
Bestetik, nabarmendu dute Tubos Reunidosen merkatua ez dela bertan behera gelditu Ameriketako Estatu Batuetan: "%50eko murga-zergen ondorioz, ez dira eskariak hartzen ari, baina merkatua, egon, badago. Hango lantegiko 65 behargin kaleratu dituzte, baina beste hamalau geratu dira, behar denean ekoizpena berriro hasteko".
Sindikatuek aipatu dute enpresako zuzendaritzak espero duela uneren batean Estatu Batuetako egoera aldatzea eta Europar Batasuneko babes politiken zain ere badaudela.
Halaber, merkatu amerikarren menpekotasuna murriztu dutela ere argitu dute: "2022an Tubos Reunidosen negozio kuotaren %74 zen amerikarra, egun %58 da, jarduera dibertsifikatu baitute".
Ordezkari sindikal batek horrela laburbildu du: "Gure ustez, zuhurrak izan behar dugu egoera honetan, baina garrantzitsua da ere jakitea duela bost urte baino askoz hobeto gaudela".