Desokupazio enpresa gehiagorik ez onartzeko deia zabaldu dute Amurrion, bizilagun baten epaiketaren ostean

Txabi Alvarado Bañares 2025eko azaroaren 21a

Dozenaka lagun bildu ziren elkarretaratzean. / Aiaraldea.eus

Ama Desokupak Amurrion etxegabetu nahi zuen familiak bizitoki alternatiba bat duela iragarri dute, enpresa hori “tentsioa sortzera” mugatu den bitartean “jada delikatua eta konplexua zen egoera batean”. 

Dozenaka lagun bildu ziren asteazken arratsaldean Amurrioko Juan Urrutia plazan eginiko elkarretaratzean. SOS Aiaraldeak deitu zuen mobilizazioa, ordu batzuk lehenago herriko auzitegian egondako epaiketa bat salatzeko. Hain zuzen, Aiaraldeko bizilagun  bat epaitu zuten goiz hartan, akusazio batekin: iragan maiatzean Amurrioko familia bat  etxegabetzen saiatu zen Ama Desokupa enpresari aurre egitea. 

Horren aurrean, desokupazio enpresei beti aurre egingo dietela ziurtatu zuten arratsaldeko elkarretaratzean. “Gure elkartasunik beroena adierazi nahi diogu epaitua izan den kideari, eta aldi berean desokupazio enpresen kontrako borrokaren kriminalizazioa salatu nahi dugu”, aldarrikatu zuten plazan. 

Plazan ziurtatu zutenez, Ama Desokuparen etorrera eragin zuen etxebizitza gatazkan inplikatutako pertsona guztiek “bizitoki-alternatiba” bat dute une honetan, “eta ez daude kalean amaitzeko arriskuan”.

Nabarmendu zutenez, “arazo orokortua” da etxebizitzarena: “langile-klaseak bere soldataren zati gero eta handiagoa bideratu behar du etxebizitza ordaintzera, beste batzuk horren kontura aberasten diren bitartean”. Horrekin batera, salatu zuten etxebizitza bat lortzeko baldintzak geroz eta “eskuraezinagoak” bilakatzen ari direla eskualdean, eta are gehiago pertsona migratuen kasuan, “pairatzen duten arrazismo inmobiliario orokorra” dela eta. “Horrek familia asko etxebizitza partekatuetan edo azpierrentetan bizitzera behartzen ditu, horrek dakartzan ondorio guztiekin”, ohartarazi dute SOS Aiaraldeako kideek. 

Etxebizitza alternatiba bermatuta

Asteazkeneko epaiketa eragin zuen kasuari buruzko hainbat xehetasun ere azaldu zituzten elkarretaratzean, eginiko borroka goraipatuta: “Desokupazio enpresa bat izan dugu gure herriko bizilagunak mehatxatzen, baina mehatxu horiei erantzuten jakin duen komunitate bat ere izan dugu, desokupen aurrean antolatu dena. Baina ez hori bakarrik, baita gatazka honetan eta bizitoki-premiari irtenbideak bilatzen inplikatu dena ere”. 

Eginiko lan horrek emaitzak izan ditu, SOS Aiaraldearen hitzetan. Plazan ziurtatu zutenez, Ama Desokuparen etorrera eragin zuen etxebizitza gatazkan inplikatutako pertsona guztiek “bizitoki-alternatiba” bat dute une honetan, “eta ez daude kalean amaitzeko arriskuan”. Eta hori Ama Desokupa gabe lortu dela azpimarratu zuten elkarretaratzean, desokupazio enpresa “faxista eta parapolizial” hori “tentsio handiagoa” sortzera mugatu dela nabarmenduta, “berez konplexua eta delikatua zen gatazka batean”. 

Bukatzeko “etxebizitzarekin aberasteko asmoz negozioa egiten duten errentatzaileen aurrean antolatzeko” deia luzatu zuten elkarretaratzean, “egoerari buelta emateko ordua” dela argudiatuta.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide