ANALISIA

Barkatu AMA (Desokupa): etxebizitza luxua bilakatzen denean sortzen den eskuin muturraren legez kontrako negozioa

Aitor Aspuru Saez 2025eko maiatzaren 20a

Ama Desokupa enpresako publizitatea. / Facebook

Amurriotik ospa egin duen desokupazio enpresak mezu bitxia eta nahasia utzi du bere agurrean, islatuta bere koldarkeria, baina baita eskuin muturrak hartzen dituen diskurtso berriak ere. Edonola ere, ezin da ahaztu enpresa hauen agerpena ez dela nazi pintoreskoen ideia, etxebizitza negozioa bilakatzearren ondorioa baizik.

Ostiralean zabaldu zen AMA Desokupa desokupazio enpresa Amurrion ari zela familia bat etxetik bota nahian. Jende askok bazekien aurretik, baina ostiralean bertan egin zen deia bortizkeria fisikoa zein psikologikoa erabiltzen duen konpainia mota horri aurre egiteko. 

Desokupen erantzuna azkarra zein koldarra izan zen. Hurrengo egunean hegazkina hartu eta etxera (Granadara) itzuli ziren. Hori bai, azken beltzarga kanta utzi zuen bere jabeak (Angela Jiménez Mendozak) sare sozialetan mezu gisa, zeinean autolaguntza kapitalista ("ikasketa handia eramaten dut"), tratu txargile profesional biktimisten hizkera ("mehatxuekin indartsuagoak egiten gaituzte") eta sasi-feminismoa (#mujeresquecambianelmundo traola baliatuta) baliatzen zuen bere burua biktimatzat jotzeko.

Testuari ere leporatu ahal zaizkio kontraesan nahikoak. Koherentzia falta egozten die SOS Aiaraldeko kideei (euren ihesaldi azkarrak kontrakoa iradokitzen duen arren), eta fantasia mordoa ere badago bere hitzetan, baina ez gara horretan sartuko. Interesgarriena da AMA Desokupa eskuin muturreko ideologia mozorratzen saiatu dela, bereziki, jokaldia txarto atera zaiolako. Gainera, ez da azken asteetan agerian geratu den kasu bakarra Espainiako Estatuko testuinguruan. 

Esaterako, duela aste batzuk Capitan Bitcoin txiolariaren izen-abizenak azaleratu zituzten eta, bat-batean, anonimotasunez buloak zein mezu arrazistak eta bortitzak zabaltzen zituen morroi adoretsua giza eskubideen hizkera baliatzen saiatu zen (arrakasta gutxirekin, egia esanda). Gezurrak esaten zituenak arrazismoa eta bazterkeria sustatzeko, berehala leporatu zizkien besteei gorrotozko delituak bere aurka egiteagatik, AMA Desokupak egin duen moduan.

Baina, zer gertatzen da eskuin muturreko jendearekin indar harremana euren alde dagoenean? Orduan ez dute gorroto deliturik ez beste ezer sumatzen.

Interesgarriena da AMA Desokupa eskuin muturreko ideologia mozorratzen saiatzen dela, bereziki, jokaldia txarto atera zaiolako.

Ama Desokuparen prozedura: jazarpena, indarkeria eta probokazioa

Lehenik eta behin, azpimarratu behar dena da desokupazio enpresek betetzen duten hutsunea, argi eta garbi, legez kontrakoa dela. Hau da, norbaitek eraikin bat hustu nahi izanez gero, epaileengana jo behar du eta, bistakoa denez, erraztasun guztiak izango ditu helburuak betetzeko; baina, jakina, ez da egun batetik bestera izango.

AMA Desokupa zein Dani Esteve neonaziaren bezalako enpresek prozedurak "azkartzen" dituzte eta horretarako, nola ez, legez kontrako tresnak erabiltzen dituzte: ura, gasa edo argindar hornidurak etetea, mehatxuak, xantaiak, jazarpen psikologiko zein fisikoa, etxebizitzetan indarrez sartzea barrukoak ateratzear daudenean... 

Aiaraldea Komunikabidea Granadako Stop Desahucios eta Ikusketa Sarearekin (Red de Observación) jarri da harremanetan. Biek ondo baino hobeto ezagutzen dute AMA Desokupa eta behin baino gehiagotan salatu dituzte enpresa horren jarduerak.

Esaterako, enpresa bereziki famatua egin da La Madriguera Zentro Sozial Okupatuaren gatazkan. Aspaldi hutsik zegoen eraikin hori okupatu zuten auzoari ekintza ugari eskaintzeko.

Urtarrilaren 20an hasi ziren handik agertzen AMA Desokupako kideak. Euren lehen helburuak izan ziren barruan zeudenei ateratzen eragoztea, baita barrura sartzen zirenei pasatzen ez uztea ere. 

Aiaraldea Komunikabidea Granadako Stop Desahucios eta Ikusketa Sarearekin (Red de Observación) jarri da harremanetan. Biek ondo baino hobeto ezagutzen dute AMA Desokupa eta behin baino gehiagotan salatu dituzte enpresa horren jarduerak.

Azkenean, janaria eramaten zuen jendearen kontra indarkeria baliatu ondoren, istiluak sortu ziren. Tentsioak goia jo zuen eta agerian geratu zen Polizia Nazionala eta AMA Desokupa elkarlanean ari zirela. Enpresako langileak poliziaren bi lerroen artean geratu ziren babestuta eta noizean behin Cara al sol kanta faxista abestu zuten La Madrigueraren alde zeuden herritarrak probokatzeko.

Eta hori ez zen guztia izan, atxiloketa bat gertatu zenean, desokupazio konpainiako morroiek kartoiekin estali zuten polizia (jendeak ez grabatzeko) eta, are gehiago, atxiloketa egiten lagundu zituzten agenteak, honako bideo honetan ikus daitekeen moduan.

Martxoaren 20an Ama Desokupa eta La Madriguerako kideen arteko gatazkak jarraitu zuen. Egun horretan zentro sozialak kalean antolatu zituen ekintzak eta enpresako langile batzuk ibili ziren ingurutan parte hartzaileak grabatzen, hedabideekin hitz egiten eta euren artean ezagutzen ez zirelaren plantak egiten.

Enpresako langileak poliziaren bi lerroen artean geratu ziren babestuta eta noizean behin Cara al sol abestu zuten La Madrigueraren alde zeuden herritarrak probokatzeko.

Zentro sozial okupatuko kideek ezagutzen zituztenez, azkenean joan behar izan ziren, baina, ekintza amaitzear zegoenean, AMA Desokupako kideek alboan dagoen hotel batean atera zuten pankarta eta La Madriguerako kideak iraintzen eta mehatxatzen hasi ziren.

Ikusketarako Sareak egindako txostenean adierazten denez, agerraldi hori poliziarekin koordinatuta zegoen. Izan ere, aurretik ez zen presentzia handirik egon eta apur bat lehenago Polizia Nazionaleko bi furgoneta bertaratu ziren.

Sareak ondorioztatu zuen AMA Desokupako langileen xedea izan zela istiluak sortzea eta poliziak La Madriguerako lagunen aurka egitea, iraungitzear zegoelako eurek eskatutako baimena espazio publikoa hartzeko eta Polizia Nazionalak izango zuelako aitzakia oldartzeko, argudiatuta elkarretaratzea ez zela modu baketsu eta boluntarioan disolbatzen.

Stop Desahucioseko beste kide batek aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari euren susmoa dela AMA Desokupako langileen artean Polizia Nazional izateko oposizioak egiten dituen jendea dagoela eta harreman estua dutela gorpuarekin.

Testuinguru horretan (poliziak babestuta, edo indar erlazioa bere alde izanda) AMA Desokupa zein beste enpresen jarrera izugarri oldarkorra da, eta argi dago erakunde publikoek ez dutela interesik hori aldatzeko. Are gehiago, poliziak laguntzen ditu eta legez kontrako jarduera publikoki egiten dute, inolako oztoporik gabe. Berez, AMA Desokupako jabeak erakunde publikoentzat lan egiten du, Granadako Diputazioa eta Hiriko Fitxategi Historikoa.

Stop Desahucioseko beste kide batek aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari euren susmoa dela AMA Desokupako langileen artean Polizia Nazional izateko oposizioak egiten dituen jendea dagoela eta harreman estua dutela gorpuarekin.

Okupazioa, psikosia, beldurra eta nazientzako espazioa, merkatuaren ondorioa

Okupazioaren inguruan sortu den psikosia ez da, inondik inora, kasualitatea. El Paisek martxoan argitaratu zuen moduan, ez dago elementu objektiborik ziurtatzeko okupazioa arazo publiko bat denik. Espainiako Estatuan 27 milioi etxebizitza daude, eta 2024an 16.400 salaketa baino ez ziren jaso hirugarren pertsonak besteen jabegoetan sartzeagatik. Guztiak ez ziren, okupazio kasuak, eta gehien-gehienak hutsik zeuden eraikinetan edo bigarren etxebizitzetan gertatu ziren. Hau da, jendea ez da kafe bat hartzera joatean eta norbaitek baliatzen du aukera hori bere etxean sartzeko.

Hala ere, hedabideetan etengabeak dira kontrakoa iradokitzen duten mezuak, baita segurtasun eta desokupa enpresen iragarkiak ere. Areagotze hori ez da ausazkoa, eta atzean ez daude etxebizitza bi dituzten jabe txikiak, etxebizitza negozio bilakatu duten funts handiak baizik.

Kapital espekulatiboak gero eta arazo handiagoak dituenez epe motzean dirua biderkatzeko, etxebizitzetan topatu du bidea inbertsioak egiteko (guztiok daukagu behar hori eta eurek diru nahikoa merkatua garestitzeko, izan erosteko, alokatzeko edo turismorako).

Negozioa salbu egoteko, ezinbestekoa dute euren dirua defendatzea. Ikusita 2012tik aurrerako zikloak (etxegabetzeek ekarritako gatazkak eta arazoak, Amaia Egañaren heriotza barne, eta hori ekiditeko neurri legalek) eragin zuela iritzi publikoa egoera zaurgarrian daudenen alde lerratzea, funtsen erasoaldia izugarria izan da, eta bereziki bortitza pandemia garaitik, non jendea telebistara begira ematen zuen denbora asko.

Atsedenaldirik gabeko lan horren ondorioz, alokairua ordaindu ezin duen jendearen kriminalizazioa gero eta handiagoa da eta horrek isla dauka Aiaraldean ere, non biderkatzen ari den soldata izan arren alokairua ordaindu ezin duten pertsonen kopurua, baita kalean bizi den populazioa.

Gorroto delituen diskurtsoa monetizatzea lortu dute desokupazio enpresek.

Testuinguru horretan, kapitalak ulertzen du estatua tresna gisa motz geratu zaiola (nahiz eta dena bere alde izan, epaileak zein poliziak) eta horretarako sustatzen ditu desokupazio enpresak, zeintzuk, argi eta garbi, eskuin muturreko sintesia bilakatu diren; herritar zaugarrien aurkako militantzia negozio bihurtuta. Alegia, gorroto delituen diskurtsoa monetizatzea lortu dute.

Horregatik, hain zuzen, horren garrantzitsua da aurre egitea, behin eta berriro erakutsi baitute izugarri ausartak direla ahulen aurka. Granadako Stop Deshaucioseko kideek azpimarratu dute enpresa hauek asko harrotzen direla guraso bakarreko familien aurka egitean (hau da, ama baten eta bere seme-alaben kontra) eta, aldiz, koldar lotsagarriak bilakatzen direla herritarren oposizioaren aurrean.  

Ikusita "Espainiako historiako gobernu aurrerakoienak" edota Segurtasun Sailak duten jarrera (Ertzaintzako kide bat dauka Dani Esteveren Desokupa enpresak bere trebakuntza taldean eta Abadiñon agerian geratu zen enpresaren eta polizia autonomikoaren arteko harreman ona), aiaraldearren esku geratu da jendilaje horren zabalpena ekiditea. Lana ez da bukatu eta gaur hitzordua egongo da horretarako, 19:00etan Mendiko Lagunaken egoitzan Amurrion, SOS Aiaraldeak berak deituta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide