Manolo Plazaren lekukoa hartu du Xabier Berganzak

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko abenduaren 2a

Xabier Berganza izango da aurten Amurrioko Olentzero. Berrogei urte baino gehiagoz ikazkinaren txapela jantzi duen Manolo Plazaren lekukoa hartuko du.

Olentzerok aurpegi berria izango du aurten Amurrion. Manolo Plazak berrogei urtez gorpuztu du  ikazkinaren papera eta   iaz iragarri zuen erreleboa emateko nahia. Agurra jakinarazi zuenetik Olentzero berria bilatzeko lanetan murgilduta egon dira Ohiturak Elkarteko kideak. Gaiak ikusmira handia sortu du herrian, eta ugariak izan dira azken urte honetan zabaldutako zurrumurru eta susmoak.

Bada, misterioa argitu berri dute. Xabier Berganza 35 urteko amurrioarrak hartuko du Plazaren lekukoa aurten. Sare sozialetatik zabaldutako bideoan eman dute erabakiaren berri.

Oraindik ez dute zehaztu zenbat urtez jantziko duen txapela Berganzak, baina Ohiturak Elkartetik aurreratu dute Olentzeroren papera denbora gutxian txandakatzen joatea dela hasierako asmoa.

Agenda bizia

Zirraraz beteriko egunak datoz Amurriora, eta Olentzero berriak abenduaren 13an ekingo dio agenda publikoari. APDEMA elkarteari egingo dio bisita ikazkinak egun horretan. Abenduaren 20an Ene Kantak ikuskizunean egingo du agerpena, Bañueta Kiroldegian. Hitzordurik bereziena abenduaren 21ekoa izango da; Olentzero Goikomendira igoko da eta bertan egingo die harrera herriko haurrei. Abenduaren 23ko arratsaldean eskutitzak jasoko ditu GUK eskulturan. Azkenik, abenduaren 24an ohiko kalejiran bidelagun izango dute amurrioarrek Olentzero berria.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide