Euskal Herriko zein nazioarteko atleta askoren egutegian gorriz markatutako eguna da abenduaren 28a. Oinkariak Atletismo Taldeak antolaturiko Amurrioko Krosaren VII. edizioa egingo dute egun horretan eta, iaz bezala, World Athletics Silver aintzatespena izango du kirol probak aurten ere.
Horrenbestez, "munduko kros zirkuiturik onenaren" parte izango dela aldarrikatu dute antolatzaileek.
Izen ematea zabalik
Honezkero zabalik dago krosean parte hartzeko izen ematea. Internet bidez egin behar da inskripzioa, Kirolprobak webgunean.
Abenduaren 25era arte egongo da hitzordura batzeko aukera. Federatuen lasterketetako inskripzioek hiru euroko kostua izango dute, herri krosak, aldiz, bost eurokoa.
Antolakuntzak Amurrioko eta Aiaraldeko bizilagunei luzatu die lasterketa herrikoian parte hartzeko deia, baita egunean bertan ikusle bezala Refor kirolgunera bertaratzekoa ere.