Munduko kros zirkuitu onenaren barruan egongo da Amurrioko Krosa beste urte batez

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko abuztuaren 8a

Majida Maayouf eta Younes Kniya izan ziren iazko edizioan garaile. / Aiaraldea.eus

Abenduaren 28an egingo dute Amurrioko Nazioarteko Krosaren edizio berria. Iaz bezala World Athletics Silver aintzatespena izango du kirol probak, eta maila altuko atletak bertaratuko dira.

Iaz erdietsitako maila mantenduko du Amurrioko Krosak aurtengo edizioan ere. World Athletics Silver aintzatespena lortu zuen kirol probak azken edizioan, eta sei urteko ibilbidean nazioarteko izaera izan zuen lehendabizikoz. Aurtengo edizioak bide berdinetik jarraituko du. Horrela iragarri zuten antolatzaileek sare sozialen bidez zabaldutako mezuan. Izan ere, ADOC elkarteak antolatutako zirkuituan sartu da berriro ere Amurrioko kirol hitzordua.

Mundu mailako kros zirkuiturik onenaren izendapena du ADOC elkartearen egutegiak, horrela berresten dute Espainiako Atletismo Federazioak, Europako Nazioarteko Federazioek eta mundu mailako World Athletics federazioak. Amurrioko Kroseko antolatzaileek "harrotasuna" adierazi dute, zirkuitu horren parte izateko aukeragatik.

Abenduaren 28an

Honezkero iragarri dute VII. Amurrioko Krosaren data: abenduaren 28an izango da, Refor kirolguneko zirkuituan. World Athletics Silver aintzatespenak sona mediatikoa eskainiko dio lasterketari, eta hainbat telebista katek zuzenean eskainiko dute ekitaldia.

Amurrioko Kroseko antolatzaileek iaz lortutako marka gainditzeko lanean ari dira. Mundu osoko 700 kirolari batu ziren azken edizioan, horien artean maila oso altuko atletak. "Antolakuntza lanetan gabiltza lasterketa bikaina eskaintzeko. Finantziazioan ere koska bat egin nahi dugu gora, ahalik eta atleta onenak Amurrion egon daitezen bermatzeko", adierazi dio Pablo Mas Oinkariak taldeko kideak Aiaraldea Komunikabideari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide