Ezinegona zabaldu da Tubos Reunidos enpresako langileen artean. Izan ere, atzo eta gaur bitartean hainbat informazio argitaratu dira zeinetan adierazi den konpainiako zuzendaritza ikertzen ari dela Auzitegi Nazionalak, Leire Diaz 'iturgin' sozialistarekin loturak izateagatik.
Antza denez, Guardia Zibilak uste du enpresako arduradunek mesedeak erosi zizkiotela Diezi eta, zehazki, leporatzen die dirua ematea SEPIko 112 milioi euroko mailegua azkartzeko.
Vicente Fernandez Guerrero, ustelkeriaren ustezko konexioa
Leire Diez eta Antxon Alonso dira, Guardia Zibilaren arabera, ustelkeria trama orokor baten iturburua, eta, bi horiek Vicente Fernandez Guerrerorekin zuten Hirurok deituriko WhatsApp talde bat. Horren bitartez koordinatzen omen zituzten legez kanpoko diru kobrantzak, 115.000 euro guztira.
Nor da Vicente Fernandez Guerrero
Fernandez Guerrero sozialista andaluziarra SEPIko presidente izan zen 2018 eta 2019 urteen artean eta duela hilabete gutxi arte izan da Tubos Reunidoseko aholkularia. Badirudi Antonio Piña Auzitegi Nazionaleko epaileak kontratu horri buruzko informazioa eskatu diola enpresari.
Tubos Reunidosek, bere aldetik, aipatu du edozein informazio emateko prest dagoela eta ez duela inoiz harreman zuzenik izan Leire Diez edo Antxon Alonsorekin.
Halaber, konpainiak berretsi die langile ordezkariei abenduaren 11n jaso zuela Auzitegi Nazionaleko eskaera formala informazio eske.
Bide batez, argitu dute Fernandez Guerrerorekin harremana formala eta legala zela eta beste hainbat enpresari bezala, aholkua eskaintzen ziela negozioen eta finantzen esparruan.
Sindikatuak kezkatuta
Tubos Reunidos konpainiako alde sozialak ez du ezkutatu larrituta dagoela agertu diren informazioen ondorioz eta astearterako deitu dute bilera zuzendaritzarekin.
ESKk, zehazki, aipatu du Francisco Irazustak zuela CEO kargua SEPIko mailegua lortu zen garaian eta jadanik ez dituela ardura horiek, baina gutxienez, espero dute Carlos López de las Herasek -egungo CEO- ematea azalpenak, urte horietan zuzendari nagusia baitzen.