Tubos Reunidos enpresako CEOak, Carlos Lopez de las Heras berak, batzarra egin zuen atzo konpainian ordezkaritza duten sindikatuekin, Auzitegi Nazionalak eskatutako informaziori buruz hitz egiteko.
Izan ere, asteburuan albiste larriak zabaldu dira konpainiaren inguruan. Zehazki, agertutako berriek Vicente Fernandez Guerrero aholkularia ustelkeria trama bati lotu dute. Horri guztiari dagokionez, Lopez de las Herasek adierazi zuen atzo epaitegiak eskatutako informazio guztia eman duela enpresak.
Horrez gain, zuzendaritzako kideak azpimarratu zuen enpresa ez dagoela inputatuta eta Vicente Fernándezekin izandako harreman bakarra laguntza publikoen eta negozio garapenaren inguruko aholkularitza izan dela, une hartan Tubos Reunidosen ez baitzegoen horretarako gaitasunik zuen inor.
Berez, sindikatuen komunikatuak ez du aparteko ezer gehitu, CEOaren hitzetatik harago eta zenbait iturrik aipatu dute, momentuz, sindikatuek ez dutela ezer esaterik, gutxienez, Auzitegi Nazionalak urrats gehiago egin arte.