Amurrioko Udal eraikin bateko irisgarritasun falta salatu du Eginaren Eginez elkarteak

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko urtarrilaren 15a

Zabaleko ikastetxeko irisgar 1 1768397173714
Zabaleko ikastetxeko irisgar 2 1768397189502
Zabaleko ikastetxeko irisgar 3 1768397200489
Zabaleko ikastetxeko irisgar 4 1768397211273
Zabaleko ikastetxeko irisgar 5 1768397221575

Zaraobe institutuko ikasleentzat bideratutako saioa eskaini behar zuen atzo Eginaren Eginez elkarteak Zabaleko ikastetxeko eraikin zaharrean. Udal eraikinak, ordea, irisgarritasun neurriak betetzen ez dituela salatu zuten saioa hasi aurretik.

Zaraobe Institutuko Gizarteratze Zikloko ikasleekin saioa egitekoak ziren atzo (urtarrilak 15) Eginaren Eginez elkarteko kideak. Desgaitasun Fisikoa duten Arabako pertsonen elkartea da Eginaren Eginez, eta aniztasun funtzionala duten herritarren eskubideak defendatzea dute jardun nagusi.

Arabako partaidetza soziala eta boluntariotzarako Batekin agentziak antolatu zuen atzoko sentsiblizazio saioa, Zaraobe Institutuko gizarteratze zikloko ikasleei zuzendua. Eginaren Eginez elkarteaz gain, Arabako beste hainbat boluntario elkartek ere parte hartu zuten egitasmoan, tartean eskualdeko ordezkaritza duten Apdema edo Ezina Ekinaz Egina erakundeak.

"Aniztasun funtzionala dugun pertsonok ez dugu beste ate batetik sartu nahi, gainerako pertsonek dituzten aukera berdinak nahi ditugu"

Azpiegiturak ezin erabili

Bezperan jakin zuten Eginaren Eginez elkarteko kideek erabili behar zuten espazioa ez zela irisgarria. Batekin elkartearekin antolatutako sentsibilizazio saiorako gela bat eskatu zutela azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Noelia Da Costa Reviriegok, Eginaren Eginez elkarteko kideak; azpiegitura ezin izan zuten erabili, ordea, Zabaleko Eskolaren eraikin zaharra irisgarria ez delako.

"Ulergaitza da pertsona ororentzako erabilgarriak ez diren erakin publikoak egotea", salatu zuen Da Costak ikastetxe atarian bertan. Eginaren Eginez elkartetik ere "paradoxikotzat" jo zuten gizarteratze zikloko ikasleei eskainitako formakuntza bat irisgarritasun faltagatik baldintzatuta egon izana.

Sentsibilizazio saioa Zabaleko ikastetxeko frontoira lekualdatu behar izan zuten azkenean, baina alternatiba hori "partxe" bat baino ez zela salatu zuen Da Costak: "Aniztasun funtzionala dugun pertsonok ez dugu beste ate batetik sartu nahi, gainerako pertsonek dituzten aukera berdinak nahi ditugu".

Da Costak ez zuen arreta bakarrik Zabaleko ikastetxeko erakin zaharreko hesi arkitektonikoetan jarri. Halaber, ikastetxera iristeko dauden arrapalen egokitasuna ere jarri zuen zalantzan atzo egindako adierazpenetan: "beharrezkoa baino inklinazio handiagoa du arrapalak, eta zaildu egiten du honen erabilera".

Amurrioko udal eraikina da Zabaleko ikastetxeko eraikin zaharra, eta urteak dira erabilerarik ez duela. Matrikulazio kopuruak behera egin zuenean utzi zitzaion erabiltzeari, eta, ondorioz ez ditu eraikin nagusiak dituen irisgarritasun baldintzak, non igogailua eta komun irisgarriak dituzten. Gaur gaurkoz, haur eskola dago kokatuta aipatutako eraikin zaharreko beheko solairuan eta gainerako espazioek erabilera oso puntuala daukate, San Jose auzoko elkarteei bideratua nagusiki. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide