Kontzertu eskaintza zabal batekin emango diete amaiera Amurrioko gaztetxearen XII. urteurrenari. Bihar, urtarrilak 24, Barrrk, Katu, Apotheke eta Xaukena Xauk taldeek dantzan jarriko dute San Jose auzoko gune autogestionatua, ilunzteko 21:00etatik aurrera. Gaztea Maketa Lehiaketan aitortza jaso berri duen Barrrk taldeak emango dio hasiera gauari, jaialdiari berari tokiko nortasuna emanez ere.
Durangoko Katu eta Mendillorriko Apotheke taldeek hartuko dute Aiaraldeko bandaren lekukoa Amurrioko Gaztetxeko oholtza gainean. Jai-giroa ordu txikiak arte luzatzearen ardura, ordea, beste hainbatetan Gaztetxean izan den Xaukena Xauk bikotearena izango da, musika elektroniko dantzagarriarekin.
XII. urteurrena
Amurrioko Gazte Asanbladako kideek urtarrilaren 5ean ekin zioten Gaztetxearen XII. urteurrena ospatzeari, Anti-Errege Gauarekin. Iragan larunbatean, aldiz, asanblada, basurde jana eta bakarrizketa saioa antolatu zituzten.
"Gazteen antolakuntzarako espazio baten beharrak" mobilizazio eta okupazio saiakera ugari piztu zituen Amurrion iragan hamarkadan. Mobilizazio horren fruitu, 2014an ireki zituen ateak Amurrioko Gaztetxeak, San Jose auzoko kultura etxean. Gune autogestionatuak ibilbide oparoa egin du, eta ugariak izan dira abian jarritako proiektu eta egitasmoak.