Enpresa Batzordearekin ezer negoziatu gabe urtebete eman izana leporatu diete Amurrioko Udalari eta alkateari

Txabi Alvarado Bañares 2026ko urtarrilaren 27a

Elkarretaratze zaratatsua egin zuten udal langileek iragan ostiralean. 

Urtebete igaro da Amurrioko udal langileek protestak abiatu zituztenetik. Hori dela eta, elkarretaratze berezia egin zuten iragan ostiralean, astero egiten duten protesta dinamikaren barruan. Bertan salatu zutenez, 375 egun igaro dira “Amurrioko Udalak eta bere alkateak udal langileek hautatutako komitearekin ezer ere negoziatu gabe”.

Urtebete honetan erabakiak “alde bakarrez” hartu izana leporatu diote beharginen ordezkariek gobernuburuari. Salatu dutenez, “berak hautatutako langile gutxi batzuei soldata igo” die alkateak, “lanpostuen baloraziorik egin gabe”.

Era berean, gogora ekarri dute Amurrioko Udalak uko egin ziola Arartekoak udazkenean luzatutako gomendioa bere osotasunean betetzeari. 

Horren aurrean, “kontziliazio neurriak arautzea” eskatu diote alkateari, “langileek propio berari mesederik eskatu behar ez izateko”. Aurrejubilazioak saritzea ere eskatu dute, “hainbat udalek eta Aldundi guztiek” hala egiten dutela nabarmenduta. 

Horri lotuta, langile guztiak berdin tratatzea ere eskatu diote Udalari, eta baita “udal langileen %74ak sinatutako aldarrikapen plataforma negoziatzea”. Izan ere, Enpresa Batzordeko kideek salatu dute hiru aldiz erregistratu dutela horretarako eskaera, “azkena pasa den ostiralean”.

Zehaztu dutenez, legeak ebazten du Negoziazio Mahaia hilabeteko epean aktibatu beharko litzatekeela, eta tokiko erakundeak ez duela halakorik egin. Gauzak hala, Arartekoan salatu dute hori ere. 

Alkatearen jarrera deitoratu dute batzordeko kideek, “demokratikoa ez dela” iritzita. Era berean, gaineratu dute ez dela “kontu politiko” bat, “Udal Gobernu Taldearen, eta bereziki alkatearen burugogorkeria bat” baizik. Izan ere, azpimarratu dutenez, EAJk eta PSE-EEk ez dute hala jokatzen “beste erakundeetan”. 

Gauzak hala, “fede onez negoziatzeko eskaera” luzatu diete Udalari eta alkateari, “jarrera eraikitzaile batetik”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide