Lukene Trujillanok crowfundingaren dirua itzuliko du, osasungintza publikoan tratamendua jasotzeko aukera sortu baitzaio

Aitor Aspuru Saez 2026ko urtarrilaren 31

Lukene Trujillano./ Aiaraldea

Txirrindulari amurrioarrak elkartasun diru bilketa abiatu zuen bere osasun arazoak tratatzeko atzerrian, baina azken asteotan osasungintza publikoak artatzeko aukera eman dio.

Urte hasieran jakinarazi zuen Lukene Trujillano txirrindulari amurrioarrak crowfundinga abiatu zuela bere osasun arazoei aurre egiteko. Izan ere, gazteak uste du arteria iliakoaren endofibrosia duela, eta diagnostikoa zein ebakuntza izatera Belgikara jo behar zuen otsailean.

Zorionez, egoera guztiz irauli da azken asteetan. Osasungintza publikoak Logroñoko mediku aditu batera bideratu zuen, baina hiru hilabetez bere kasuak ez zuen aurrera egin. Ordea, azken asteetan Errioxan prozedurak bizkortu dituzte. "Kirofanoan egin dizkidate probak berresteko arterian kalteak daudela eta ebakuntza aurreko probak egiteko ere deitu didate hurrengo astearterako. Hiru hilabetetan ez dut inongo berririk izan, baina orain hori aldatu da".

Gauzak horrela, Trujillanok erabaki zaila hartu behar izan du. Edo osasungintza publikoaren bidea hartzea edo Belgikara joatea, non duela hilabete bat hartu baitzuen hitzordua tratamendua jasotzeko.

Azkenean, amurrioarrari iruditu zaio koherenteena dela crowfundingean bildutako dirua itzultzea eta osasun sistema publikoaren alde egitea. "Dirua jarri duen jende guztiarekin oso eskertuta nago eta litekeena da Belgikan apur bat aurreratuagoak egotea, baina uste dut aukerarik zentzudunena dela osasungintza publikoa".

Buruhaustea izan bada ere, gazteak ez du uste crowfundinga abiatzea denbora galtzea izan denik. Izan ere, arteria iliakoaren endofibrosia zer den ikusarazteko balio izan du eta, bide batez, mahairatu ez dela soilik kirolari profesionalen gaitza arriskutsua.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide