Tubos Reunidos

LAB eta ESK sindikatuek Tubos Reunidoseko kaleratzeen kontra mobilizatzeko deiak zabaldu dituzte

Aitor Aspuru Saez 2026ko otsailaren 4a

Tubos Reunidos enpresak otsailaren 9an zehaztu beharko ditu bere asmoak. / LAB

Langile erakundeek kritikatu dute Tubos Reunidosek diru-laguntza publikoak baliatu dituela bere egoera egonkortzeko eta merkatu egoera baliatu nahi duela beharginak kaleratzeko.

Tubos Reunidos konpainiak iragarritako kaleratzeen aurrean, ESK eta LAB sindikatuek adierazpen publikoak egin dituzte ziurtatzeko ez dutela enplegu suntsipenarik onartuko. Euren webgune eta sare sozialetan zabaldutako mezuetan, langile erakundeek kritika partekatuak egin dituzte.

Alde batetik, azpimarratu dute enpresak dirulagunza oso oparoak jaso dituela SEPI zein ICO funtsei esker, eta merkatuaren egoera txar puntuala (Donald Trump presidente estatubatuarrak ezarritako muga-zergek eragindakoa) baliatu nahi duela langile kopurua murrizteko.

Multinazionalak finantzaketa publikoa jaso duen neurrian, LABek eta ESKk azpimarratu dute erakundeek ardurak hartu behar dituztela. 

ESKk, gainera, azpimarratu du konpainiak beharginen langabezia bitartekoak banpirizatu dituela, hainbat erregulazio espediente abiatuta; eta, merkatu aldaketa ematen denean, azpikontrataziora joko duela utzitako hutsuneak betetzeko.

Gauzak horrela, bi sindikatuek aldarrikatu dute Aiaraldean zein Ezkerraldean eta Meatzaldean enpleguaren egoera kritikoa dela eta mobilizazioak direla bidea egoera iraultzeko eta industria etorkizuna bermatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide