AZKEN ORDUKOA

Kaleratze kolektiboak egiteko asmoa iragarri die Tubos Reunidos enpresak sindikatuei

Aitor Aspuru Saez 2026ko urtarrilaren 30a

Amurrion eta Trapagan izango dute eragina neurriek. / Aiaraldea.eus

Gaur bildu dira konpainiako ordezkariak sindikatuekin eta enplegu espedientea aurkeztuko dutela iragarri dute. Kaleratze kolektiboak eta lan baldintzen funtsezko aldaketak ezarri nahi ditu enpresak bideragarritasun planaren barruan.

Beste egun ilun bat bizi du gaur Aiaraldeak enplegu industrialaren esparruan. Izan ere, bilera egin dute goizean Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak eta ordezkaritza duten sindikatuek eta konpainiak jakinarazi du enplegua erregulatzeko espedientea prestatu duela, kaleratze kolektiboak egin nahi dituela eta lan baldintzen funtsezko aldaketak ere egikarituko dituela.

Berez, negoziazio mahaia otsailaren 9an osatuko dute eta konpainiako ordezkariek ez dute aparteko azalpenik eskaini. Hau da, sindikatuek ez dakite kaleratzeak pizgarrien bitartez edo indarrez egin nahi dituzten, zenbat enplegu suntsitu nahi duten, ez beste inolako datu zehatzik ere ez.

Sindikatuek eurek gogoratu dutenez, legez Tubos Reunidoek ez du beharrik informazioa aurretik zabaltzeko. Ondorioz, uste dute otsailaren 9ra arte ez dutela datu gehiagorik jasoko.

Bideragarritasun plan horren barruan, antza, multinazionalak txandak murriztu nahi ditu eta neurriek eragina izango dute bai Amurrion zein Trapagan. Hortaz, negoziazioa modu bateratuan egingo dute bi lantegiei dagokienez.

Zenbait langile antolakundek (LABek edota ESK-k) aipatu dute ez dutela enplegu suntsiketarik onartuko.

ELA sindikatuak, bere aldetik, ohar laburra zabaldu du: "ELAk, bi batzordeetan gehiengoa duen sindikatuak, EEEa errefusatu du eta langileen aurkako eraso larritzat jo du. Gauzak horrela, aurre egiteko neurriak hartuko ditu".

Bilerak eta mobilizazioa

Enpresa batzordeak mezua bidali die langileei eta aurreko informazioa azaltzeaz gain, jakinarazi die otsailaren 10ean informazio-batzarra egingo dutela 15:30ean.

Halaber, iragarri dute otsailaren 13an agendan dutela Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailarekin eta Aldundiarekin bilera. Bilera horretarako, 24 orduko lanuztea eta Lakuan elkarretaratzea deituko dituzte.

10 erregulazio espediente baino gehiago 16 urtetan

Tubos Reunidos enpresaren egoera gorabeheratsua da aspaldi. Izan ere, sindikatuek hainbat aldiz aipatu dute 2007an eskatutako 170 milioi euroko kredituan dagoela zulo ekonomikoaren iturburua. Ustez, diru hori beste enpresa baten erosketarako baliatu behar zuten, baina azkenean akziodunen artean banatu zen, langile antolakundeen arabera. Operazio hori gauzatu zutenetik, hamar Aldi Baterako Erregulazio Espediente ezarri ditu zuzenzaritzak Amurrion.

Konpainiaren joerak hobera egin zuen 2021ean, SEPIren 112 milioi euroko mailegua lortu baitzituen. Hala eta guztiz ere, espedienteak ez ziren amaitu horren ondoren. 

Gainera, mailegua bera arazo iturri bilakatu da, Auzitegi Nazionalak ustelkeriagatik ikertzeari ekin baitio.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide