Gaur goizean zabaldu du Tubos Reunidos konpainiak 301 kaleratze egiteko asmoa duela. Horietako 274 Amurrion izango lirateke. Albisteak soka luzea ekarriko du eta enpresako ELA, LAB eta ESK sindikatuetako atal sindikalek oharra plazaratu dituzte jadanik.
Langile erakundeek aurreratu dute ez dutela onartuko kaleratzerik. ELAk exijitu du espedientea bertan behera uzteko eta greba mugagabea proposatu du neurriari aurre egiteko, ez bakarrik enpleguaren suntsiketaren kontra, baita etorkizuna bermatzeko ere. Langile erakundearen iritziz, onargaitza da enpresaren jarrera eta erakunde publikoei ohartarazi die inplikatu behar direla.
LAB sindikatuak borroka eta aktibaziorako deia luzatu du. LAB sindikatuaren ustez, onartezina da kaleraketetan oinarritutako plan berri bat planteatzea, aurrez 2020–2026 aldirako indarrean dagoen bideragarritasun planaren ebaluazio zorrotzik egin gabe. Horregatik, espedientea berehala bertan behera uzteko exijitu du eta enpresari formalki eskatu dio indarrean dagoen planaren betetze mailaren balorazio zehatza aurkezteko, zehaztuz zein helburu bete diren, zein ez, eta garapenean zehar zer erabakiak hartu diren.
Halaber, sindikatuak azpimarratu du Tubos Reunidosen egungo egoera ezin dela kanpoko faktoreei soilik egotzi, baizik eta urteetan zehar pilatutako enpresa erabakien ondorio dela. Gogorarazi du enpresak diru laguntza publiko handiak jaso dituela, zenbait garaitan dibidenduak banatu dituela eta une kritikoetan babes instituzionala izan duela; horregatik, bidegabea iruditzen zaio orain langileek kaleratze eta lan murrizketen bidez ondorio horiek bere gain hartu behar izatea.
ESK-k, bere aldetik, zuzendaritzaren kudeaketa eskasari leporatu dio egungo egoera. Alegia, enpresaren asmoak iraintzat hartu dituzte eta prekarizazio estrategia dela azpimarratu du.
Zorra handitzea kaleratzeak egiteko
ESK-k zenbait kontraesan utzi ditu agerian Tubos Reunidosen aldetik. Hasteko, dirurik ez dutela 301 kontraturen kalte-ordainei aurre egiteko eta horretarako finantzazioa eskatu beharko dutela. Hau da, zorra handituko dutela, zorra, berez, arazoaren iturburua denean, enpresak azaldu duenez.
Egindako inbertsioak baztertzea
Sindikatuak arreta jarrio dio altzairutegiaren egoerari. Dirudienez, enplegu suntsiketa nagusia han izango da, baina 2021eko Bideragarritasun Planaren ardatza, hain zuzen, atal hori zen. "Hara bideratu ziren inbertsio gehienak", aipatu du langile erakundeak.
Halaber, ESK-k erantsi du Trapaga eta Amurrioko lantegiak batzerako orduan, altzairutegian egin behar ziren aldaketak izan zirela argudio nagusia -hidrogenoaren erabiler, besteak beste-.
Ramiro Gonzalezen mezua
Arabako Ahaldun Nagusiak, bere aldetik, bere kezka eta babesa adierazi nahi izan die Tubos Reunidoseko langileei.
Gonzalezek azpimarratu du berriak “egoera zaila bizi duen eskualde batentzat kolpe gogorra” dela, eta lehentasuna “enpresaren eta langileen etorkizuna bermatzea” dela nabarmendu du. Ildo horretan, egoerari epe ertain eta luzeko ikuspegitik heltzeko deia egin du: “Erreakzio sutsu eta epe motzekoetatik aldendu behar dugu, eta Arabako enpresa historiko baten bideragarritasunean pentsatu; izan delako eta izaten jarraitzea nahi dugulako Aiaraldeko jardueraren eta enplegu industrialaren motor”.
Finantza-egoerari dagokionez, Ramiro Gonzálezek adierazi du lehentasunetako bat dela “zorra maila handia dela ikusita irtenbideak bilatzea”, eta deia egin die “hartzekodun nagusiei eta bazkide finantzarioei” enpresaren bideragarritasuna bermatzeko akordio batean parte har dezaten. “Guztion lehentasunak Tubos Reunidosen etorkizuna bermatzea izan behar du”, azpimarratu du.
PSE-EEren adierazpena
Arabako PSE-EEk ere oharra zabaldu du elkartasuna eta babesa adierazteko Tubos Reunidos enpresako langileei. Halaber, aipatu du kaleratzeak ez direla traumatikoak izan behar eta Mikel Torres Ekonomia, Lana eta Enpleguko sailburua prest dago esku hartzeko aurretiko erretiroak edota irteera boluntarioak egiten badira.
Sozialistek gogoratu dute Donald Trumpen politikek ondorioak dituztela eta Aiaraldean agerian geratu dela errealitate hori.