Greba egunak eta lau orduko lanuzteak uztartuko dituzte Tubos Reunidos enpresako langileek

Aitor Aspuru Saez 2026ko otsailaren 10a

Atzoko mobilizazioaren irudia. / Aiaraldea.eus

Arratsalde osoan egon dira bilduta langileak eta sindikatuek salatu dute zuzendaritza giroa pozoitzen saiatu dela, aurretik altzairutegiko langile guztiei esan baitiete kaleratze zerrendan daudela eta beste atal batekoei kontrakoa.

Langile Batzordeak batasunari eutsi dio Tubos Reunidoseko zuzendaritzak egin nahi dituen 301 kaleratzeen aurrean. Ia lau orduko langile batzarraren ondoren erabaki dute egun osoko greba egunak eta lau orduko lanuzteak uztartuko dituztela hemendik eta martxoaren hasierara.

Gauzak horrela, enpresarekin bilera dagoen data orotan (otsailak 17, 23 eta 26an eta martxoak 4 eta 9an) egun osoko greba deituko dute eta gainerako egunetan lau orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzeko.

Beharginen ordezkariek azaldu dute ahalegina egin dutela enpresari ahalik eta minik handiena egiten, lankideen kaltea murriztuta. "Labeak duen funtzionamendu erarekin, lau orduko lanuzteekin ia geldirik egongo da egun osoa", aipatu dute.

Propaganda, erakunde komunikazioa edota erresistentzia kutxa taldeak eratu dituzte hurrengo eguneko ekimenak prestatzeko.

Enpresaren jokaldia bilera izorratzeko

Batzordeko kideek, gainera, azpimarratu dute zuzendaritzak zikin jokatu duela langileen arteko giroa okertzeko batzarraren atarian. Salatu dutenez, gaur izandako bi txandetan altzairutegiko beharginei ziurtatu diete guztiak kaleratze zerrendan daudela. Ijezketa atalekoei, aldiz, jarraituko dutela adierazi diete.

Hala eta guztiz ere, eta zailtasunak zailtasun, batzarrean ekintza batasuna mantendu dute eta batzordeak sortu dituzte langileek protesten antolakuntzarako. Propaganda, erakunde komunikazioa edota erresistentzia kutxa taldeak eratu dituzte hurrengo eguneko ekimenak prestatzeko. Egutegian markatutako data bat Aiaraldeko Ehun Industriala Sustatzeko Mahaiaren hurrengo bilerarena izango da, aurreratu dutenez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide