Amurrioko Udalak hainbat urrats eman ditu Tubos Reunidoseko 301 kaleratzeen harira. Hala adierazi du Arantzazu Saratxaga zinegotziak gaur Aiaraldea Komunikabidearen Azalera podcastean. Udal gobernuko ordezkariak aitortu du "mugatua" dela Udal batek horrelako egoera batean egin dezakeena, baina ahal den nerrian lagunduko dutela ziurtatu du.
Azaldu duenez, albistea jakin bezain laster jarri ziren harremanetan langileen ordezkariekin, babesa helarazteko. Era berean, Saratxagak azaldu du Tubos Reunidoseko zuzendaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin zein Aldundiarekin ere daudela harremanetan.
Hain zuzen, Txerra Molinuevo alkateak parte hartu zuen iragan ostiralean Lakuan eginiko bileran. Horri buruz galdetuta, Saratxagak positibotzat jo du horrelako bilerak egitea, eta egiten diren guztietan parte hartuko dutela ziurtatu du, "babesa eta laguntza eskaintzen".
Bilera bihar Udaletxean
Hain zuzen, bihar goizean bilduko da Amurrioko Udala Tubos Reunidoseko Enpresa Batzordearekin. Hori dela eta, langileek martxa egingo dute 10:30ean lantegiko zubitik Juan Urrutia plazaraino. Arratsaldean, aldiz, eskualdeko mobilizazioa egingo dute herrian bertan, Maderas de Llodioko langileekin batera.