Milaka lagun mobilizatu dira gaur arratsaldean Amurrion, Tubos Reunidos eta Maderas de Llodioko Enpresa Batzordeek SOS Aiaraldearekin batera deitutako mobilizazioan. Kider paretik abiatu dira Amurrioko hodi fabrikako langileak, eta San Jose auzoko biribilgunean elkartu dira gaur 154 egun greban bete dituzten Laudioko grebalariekin.
Goiz abiatu da mobilizazioa, “Ez diegu etorkizuna lapurtzen utziko!” zioen pankartarekin buruan. Ehunka lagun batu dira bidean, txalo artean. Hainbat saltokik pertsiana itxi dute manifestazioa igaro denean, eta langileek Alvaro Gonzalez eta Carlos Lopez de las Herasen irudiak eskegi dituzte tren geltokiko zubitik, buruz behera.
Azken urteetan eskualdean itxi dituzten enpresak zerrendatzen hasi dute mobilizazio amaierako hitzartzea bi enpresetako beharginek, eta aipamen berezia ere egin diote Construcciones Metálicas Ayalako langileei. “Geroz eta gehiago entzuten da eskualde hau gainbeheran dagoela, etengabeko krisi batean murgilduta, burua altxatu ezinik”, hasi dira esaten, baina gaineratu dute eurak ez daudela ados horrekin.
Euren iritziz, “Aiaraldeak gaitasuna du” aurrera ateratzeko. “Langileok gure denbora, izerdia eta osasuna (eta, batzuetan, baita bizitza ere) eman dugu eskualde hau eraikitzen, enborrez enbor eta hodiz hodi. Aurrera atera gara garai latzetan, eta aurrera egiten jarraituko dugu datozenetan ere”, ziurtatu dute.
“Lapurreta” gisa definitu dute Aiaraldean azken urteetan gertatutakoa. “Langileok urteetan zehar ekoiztutako aberastasun guztia oso gozoki tentagarria da batzuentzat. Ez dute nahikoa gure izerdiarekin, ez dute nahikoa gure osasunarekin, gure denborarekin. Dena nahi dute, dena hartzera datoz”, ohartarazi dute, “lapurtzen ari dira eskualde honek hamarkada luzeetan zehar ekoiztutako aberastasuna. Batzuk funts putre erraldoien esku utzi dute gure etorkizuna. Beste batzuk, aldiz, akziodunen artean banatzen dute langileok ekoiztutako aberastasuna eta erakundeek emandako diru publikoa”.
“Langileok urteetan zehar ekoiztutako aberastasun guza oso gozoki tentagarria da batzuentzat. Ez dute nahikoa gure izerdiarekin, ez dute nahikoa gure osasunarekin, gure denborarekin. Dena nahi dute, dena hartzera datoz”
Horren aurrean erakunde publikoen jarrera kritikatu dute beste behin ere: “lapurreta honen aurrean, non dago polizia? Ba Tuboseko zubian, lapurrei gehiegi inkrepatzen ez diegula ziurtatzen. Non daude erakunde publikoak? Ba eskualde honen biziraupena mehatxatzen dutenekin eserita industriaren aldeko enegarren mahaian, inolako mugarik jartzen ez dizkieten bitartean”.
Horri lotuta, bereziki salatu dute Tubos Reunidoseko zuzendaritzako ordezkariek Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaiaren azken bileran parte hartu izana, kaleratze kolektiboen berri eman baino lau egun lehenago. Horri lotuta, hurrengo mobilizazio baterako deia luzatu dute: “datorren asteartean Refor Enpresaldera joango gara berriz, erantzuleak eta konplizeak seinalatzera. Aurrean izango gaituzte!”.
“Benetako soluzioak” exijitu dizkiete erakunde publikoei: “Benetako soluzioak exijitzen dizkiegu erakunde publiko guztiei. Gu ez gara gaizkileak, gaizkileak beste batzuk dira. Hasi zaitezte benetako presioa egin eta neurriak hartzen”.
Greba orokorrerako deia
Borrokara batzeko deia luzatu dute beharginek, eskualdean azken urteetan egondako garaipenak gogora ekarrita: “Tubacex, Madres Mercedarias, Superberriak… Aiaraldeko langile klasearen batasuna delako eskualdeko enpleguaren defentsarako berme nagusia eta, dirudienez, bakarra”.
Horrekin batera, datorren martxoaren 17rako Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrera batzeko deia zabaldu dute “gutxieneko soldata handitzearen, prekarietarearen eta langile klasearen pobretzea borrokatzeko kalitatezko enpleguaren eta Aiaraldeko etorkizun duin baten alde”.
Bukatzeko, “mezu argi bat” helarazi diete, “eskualdearen aberastasuna eta etorkizuna lapurtzeko asmoa dutenei”: “Ez ginen atzo jaio, ez duzue eskualde hau makurraraziko eta ez dizuegu etorkizuna lapurtzen utziko. Etorkizuna gurea da, hemen ikasi, lan eta bizi garenona!”.