Pasa den astean, astelehenean, hain zuzen, egin zuten Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaiaren bigarren bilera Amurrion. Foro horretan erakunde publikoek zein pribatuek parte hartzen dute eskualdeko industriaren etorkizunean eragiteko eta Eusko Jaurlaritza eta, bereziki, Arabako Foru Aldundia dira bultzatzaile nagusiak.
Esparru horretan, enpresa pribatuek protagonismo handia dute eta horien artean badago Tubos Reunidos ere. Gauzak horrela, nahiz eta sektorearen oraina eta etorkizuna bermatzeko sortu zuten eztabaida gunea, konpainiako ordezkariak ez zuen ezer aipatu enplegua erregulatzeko espedienteari buruz edo kaleratzeen inguruan.
Bileran parte hartu zuen eskualdeko herritar batek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Tubos Reunidoseko zuzendaritzako kideak berrikuntza eta garapenean inbertitzeko beharraz hitz egin zuela soilik. Azpimarratu behar da lau egun geroago jakinarazi zuela enpresak kaleratze kolektiboak egiteko asmoa.
Bilera horretatik lau egunera jakinarazi zuen Tubos Reunidosek Enplegua Erregulatzeko Espedientea ezartzeko asmoa.
Gogoratu beharra dago ELAk eta LABek uko egin ziotela foro horretan parte hartzeari eta erakundeei leporatu zieten politika neoliberalen inposizioari adostasun itxura ematen saiatzea.
Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusi eta foroaren bultzatzaile nagusiak “bertako industriari eta haren menpe dauden langileei bizkarra ematea” leporatu zien bi sindikatuei. Mahaia “benetako konponbideak lantzeko espazioa" dela aldarrikatu zuen jeltzaleak eta “eskualdeko eragile politiko, sozial eta ekonomiko guztiei irekita" dagoela azpimarratu zuen.