Duela astebeteko dinamika bera errepikatu da gaur goizean Tubos Reunidoseko lantegiaren sarreran, baina aldaketa batzuekin. Berriro bildu dira Enpresa Batzordeko kideak zuzendaritzarekin, eta langileak 24 orduko lanuztea egiten ari dira.
Goizeko bostetan hasi da jendea biltzen zubiko piketean. Aurrekoetan bezala, gutxieneko zerbitzuetako langileak baino ez dira sartu fabrikara. Gauzak hala, grebaren jarraipena erabatekoa izaten ari dela esan daiteke, ekoizpeneko langileen artean behintzat.
Ohikoan baino goizago iritsi dira zuzendaritzako kideak, bilera zortzietarako deitua zutelako. Ertzaintzaren Brigada Mugikorraren laguntzarekin sartu dira multinazionaleko buruak lantegira, beharginen oihu eta txistu artean. Aurrekoetan ez bezala, autobus bat kontratatu dute fabrika barrura sartzeko, 2021eko Tubacexeko greba mugagabeko eszenak gogora ekarriz. Izan ere, gatazka luze horren hasieran zuzendaritzako kideak autoetan sartzen ziren Laudio eta Saratxoko lantegietara, baina laster igaro ziren autobusak kontratatzera.
Bihar, Reforrera joateko deia
Egun osoko grebak egiten ari dira Tubos Reunidoseko langileak enpresarekin bilerak dauden data guztietan. Ostegunean izango da hurrengoa, eta martxoaren 4 eta 9rako dituzte hitzartuta azkenak (bilera gehiago deitzeko aukera irekita dagoen arren). Gainerako egunetan, aldiz, lau orduko lanuzteak ari dira egiten hodi fabrikan.
Bihar, ordea, Refor enpresaldera joango dira Tubos Reunidoseko langileak, Maderas de Llodiokoekin batera. Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaiaren hirugarren bilera egingo da bertan, eta "eskualdeak bizi duen egoeraren erantzuleak eta konplizeak seinalatzera" gerturatuko dira bi fabriketako beharginak.