Tubos Reunidos

Ertzaintzaren polizia-lerroa gainditu eta Garapen Industrialaren bilera atarira eraman dute protesta Tubos Reunidos eta Maderas de Llodioko langileek

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko otsailaren 24a

Protesta egin dute gaur Tubos Reunidos eta Maderas de Llodioko langileek, Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaiaren hirugarren bileraren testuinguruan. Refor enpresaldeko sarrera nagusia blokeatzen saiatu dira, baina behin bilkura hasita eraikin nagusiko atarira eraman dute mobilizazioa, Ertzaintzaren polizia-lerroa gaindituta.

Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaiaren hirugarren bileraren atarian, Refor enpresaldeko sarrera nagusia blokatu dute gaur goizean Tubos Reunidos eta Maderas de Llodioko beharginek, bi lantegietako enpresa batzordeek eta SOS Aiaraldea plataformak deituta.  Ramiro Gonzalez Diputatu Nagusiak azaroan abiatutako markoaren eraginkortasun falta salatu dute langileek: "Azken asteetan argi geratu da mahai honek ez duela balio izan hodi eta egur multinazionalek Aiaraldean eman nahi duten kolpea gelditzeko".

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak mahaian izandako jarrera jarri duten horren adibide: "Multinazionaleko buruek Industria Mahaiaren aurreko bileran parte hartu zuten ezer gertatuko ez balitz bezala, eta handik lau egunera bota zuten kaleratze kolektiboen bonba", adierazi dute gaur goizeko ekimenean.

Horren aurrean, azaroaren 26ko aldarri berdinari eutsi diote: "ezin da etorkizunaz hitz egin oraina kolokan dagoenean". Erakunde publikoei "benetako soluzioak exijitu" dizkiete. "Berandu" doazela ere ohartarazi dute gaurko protestan bildutakoek, eta "presioa eta neurriak" martxan jartzeko eskari zuzena luzatu diete Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaiaren bueltan bildutakoei.

Protesta bilera atariraino

El Refor enpresaldeko sarrera blokeatzea eta bilkura bertan behera uztea zen beharginen asmoa eta horrela zirudien gaur goizeko lehen orduan. Bilerako parte hartzaileak, ordea, beste bide bat hartu dute 9:30ean hastekoa zen Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaian esertzeko. Protestan zeuden langileek eraikin nagusiko sarrerara jo dute orduan. Ertzaintzako Brigada Mugikorrak bidea oztopatu die, baina langileek aurrera egitea lortu dute. Tentsio une batzuk bizi izan badira ere, aise iritsi da protesta bilera atarira.

Laudio, Aiara eta Artziniegako alkateen ohar bateratua

Refor enpresaldeko hitzordura gonbidatuta zeuden Laudio, Aiara eta Artziniegako alkateak ez dira Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaiaren hirugarren bileran egon. Hiru ordezkariek zabaldutako ohar bateratuan, bilera egiteko baldintzarik ez zegoela ondorioztatu dute, eta elkartasuna adierazi diete lanpostuen defentsan protestan ziren beharginei.

Hausnarketa bat ere elkarbanatu nahi izan dute hiru alkateek: "Nola konpondu nahi da Aiaraldeko egoera industriala enpresetako langileek haien lanpostuak kalean defendatzen eta erakundeen inplikazio zuzena eskatzen ari diren bitartean?"

Bilerara joan ez arren, Arabako Garapen Ekonomikoko diputatuari luzatu dizkiote "talentuaren inguruko hausnarketa" ardatz zuen gaurko bilkurarako prestatutako proposamenak.

Ramiro Gonzalezen adierazpenak

Gaur Amurrioko Refor enpresaldean presente egon ez bada ere, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia Tubos Reunidos enpresako egoerari buruz mintzatu da. Gobernu Kontseiluko erabakien inguruan informatu eta gero, kazetariek galdetu diote premia edo presio berezia sentitzen ote zuen kasu horretan sindikatuen aldetik.

Gonzalezek ziurtatu du Araba eta Aiaraldeko gizarte osoaren presioa nabaritzen dutela etorkizun industriala bermatzeko. Halaber, gaineratu du harremanetan daudela Tubos Reunidoseko zein Maderas de Llodioko langile batzordeekin.

Erantzunak ez du kazetarien jakin-mina asetu eta itaun diote zergatik uste duen sindikatuek zuzendaritzaren konplizetzat jotzen dutela Foru Aldundia. Ordezkariak aipatu du ez dela sartuko izaera politikoko kontuetan eta azpimarratu du gaurko mahaian elkartu diren sindikatuek (UGT, CCOO), Udalak (Amurrio eta Okondo), enpresak eta erakundeak Aiaraldeko etorkizun industrialaren alde egiteko batu direla. Halaber, mahai horretan ez daudenei leporatu die eskualdeko etorkizunaren alde lan egiteari uko egitea.

Enpresen fusioa 

Hedabideek Ahaldun Nagusiarekin landu duten beste gai bat izan da Jose Antonio Jainagaren adierazpenena. Izan ere, Talgo enpresako presidenteak iradoki du trenen eta hodien euskal enpresak fusionatu beharko liratekela munduko merkatuan lehiatzeko.

Gonzalezek azaldu du ideiarekin ados dagoela, baina enpresariei dagokiela horren ingurun erabakitzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide