Tubos Reunidos

Amurrioko altzairutegian dauden Trapagarango langile ohiek eskutitza bidali diete lankideak izandakoei, borrokara batu daitezen

Aitor Aspuru Saez 2026ko otsailaren 25a

2018ko kaleratzeen kontrako mobilizazioa Trapagaranen.

Trapagarango lantegian soilik LAB eta ESK sindikatuak mobilizatzen ari dira kaleratzeen kontra eta hango langile ohiek gogoratu diete 2018an egindako grebaren arrazoiak ez direla aldatu borrokara jotzeko.

Lehen Sestaon eta orain Amurrioko altzairutegian aritzen diren Tubos Reunidoseko beharginek eskutitz irekia bidali diete euren lankideak izandakoei. Gogoratu beharra dago Trapagarango lantegia hornitzen zuen altzairutegia Sestaon zegoela eta bi azpiegituren beharginek 43 eguneko greba egin zutela 2018an, enpresak 157 kaleratze eta soldataren %25eko murrizketa ezarri nahi zituelako.

Borrka ziklo horretan hainbat ekimen egin zituzten, zuzendaritzaren bulegoetara sartzea tartean: 

Lanuzteekin batera, Trapagarango langileak enpresako bulegoetan sartzen saiatu ziren protesta aro horretan. Behin enplegu suntsiketa gelditu eta gero, zuzendaritzak eta langileek adostu zuten Sestaoko altzairutegia Amurriokoarekin batzea. Hain zuzen, multinazionalak atal hori guztia itxi nahi du orain, 301 kaleratzeen barruan.

Horren aurrean, Ezkerraldean kokatuta zegoen fabrikako langileek mezua zabaldu diete Trapagarango lankide ohiei, galdetzeko non dagoen 2018ko batasuna eta elkartasuna. 

Izan ere, beharginek ez dute ezberdintasunik ikusten 2018ko eta 2026ko egoeren artean eta, euren iritziz, enpresa guztia dago arriskuan.

Mobilizazioa eta presio sendotzeko deia

Eskutitzaren testuingurua hobeto ulertzeko, aintzat hartu beharra dago Trapagarango lantegian soilik LAB eta ESK erakundeek deitu dituztela lanuzteak eta ELAk, UGTk eta CCOOk ez dutela ezer antolatu.

Horrek ez du esan nahi kaleratze kolektiboek eraginik izango ez dutenik, Amurrion ondorioak askoz latzagoak izango badira ere. Nahiz eta enplegu galera urriagoa izan, 27 langile gutxiagorekin jarraitu nahi du Tubos Reunidosek Trapagaranen.

Gauzak horrela, 2018an 43 greba egun partekatu zituzten eskualdeko beharginek inplikazioa exijitu dute. Halaber, ez da ahaztu behar enplegua erregulatzeko espedientea negoziatzen duen mahaiak (bi lantegiak barne) hamahiru ordezkari dituela:

  • ELA: 5
  • UGT: 3
  • LAB: 2
  • CCOO: 2
  • ESK: 1

Horietako bost Trapagarangoak dira:

  • ELA: 2
  • UGT: 1
  • CCOO: 1
  • LAB: 1

Gauzak horrela, sindikatuek eta atal sindikalek hartuko dituzten jarrerak erabakigarriak izan daitezke funtsezko urratsak egiteko, espedienteari oniritzia ematea edo ukatzea, besteak beste. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide