Tubos Reunidos enpresak Trapagaranen kokatuta duen lantegian ere nabarituko dira Amurrion deitutako lanuzteak. Izan ere, bertako LAB eta ESK sindikatuen sailek erabaki dute bat egingo dutela Amurrioko Langile Batzordeak proposatutako greba egunekin.
Gauzak horrela, otsailaren 17an, 23an eta 26an eta martxoaren 4an eta 9an ekoizpena gelditzeko deia zabaldu dute. Hau da, negoziazio mahaia izango den egun orotan.
Langile erakundeek ohar bateratua sinatu dute azaltzeko beharginak une kritikoan daudela eta soilik presioaren eta mobilizazioaren bitartez aukera izango dutela lan baldintzen kontrako erasoak gelditzeko eta enpleguaren etorkizuna bermatzeko.
LABek eta ESK-k nabarmendu dute ekintza batasuna ez dela nahia, baizik eta behar estrategikoa langileen ahotsa indarrez heltzeko negoziazio mahaira eta, horregatik, beharginei eskatu diete modu jendetsuan batzea lanuzteetara.
Aipatu beharra dago Tubos Reunidosek proposatutako kaleratze gehienak Amurrion izan arren, 27 Trapagaran direla. Horrez gain, bertako altzairutegiko hainbat langile Amurriora bidali zituen zuzendaritzak 2021ean.