Printzipioz, gaurkoa izango zen Tubos Reunidoseko enplegua erregulatzeko espedientearen kontsulta epeko azken bilera, baina azken unean erabaki dute prozesua luzatzea, eta ostiralean egingo dute hurrengo bilera.
Trapagarango eta Amurrioko fabriketako UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek eta ELAko bi kidek bozkatu dute horren alde. Eztabaida sortu du erabakiak.
ELAk berak zabaldutako komunikatuan egoera kritikatu du: "Enpresak Amurrioko eta Trapagako langileak zatitu nahi izan ditu, kaleratzeak gauzatzerakoan akordioa errazteko".
LABek eta ESK-k salatu dute luzapena legez kontrakoa izan dela
Sindikatuen artean hautsak harrotu duen erabakia, gainera, legez kontrakoa izan da LAB eta ESKren aburuz. ESK-k gaineratu du negoziazio mahaian, hamahiru toki egon arren, hamabi kide baino ez zeudela "seik luzapenaren alde eta seik kontra bozkatu dute".
Gauzak horrela, ESK-k eta LABek adierazi dute bileran ez zegoen langile ordezkarien kidearen boza onartu duela enpresak, baina prozeduran ez dela araudia bete. "Ez zegoen aurreikusita bozka delegatua eta are gutxiago egin den moduan".
LABek azaldu du abokatuekin mintzatuko direla egoera argitzeko eta ESK-k, bere aldetik, bukatutzat eman du kontsulta epea. "Zuzendaritzak ostiralean bilera bat deitu du, baina guretzat ez dago kontsulta epearen barruan. Enpresak erabaki du egitea", zabaldu du ESK-k.
Izan ere, ESKren iritziz, gaurko bileran gertatutakoa ikusita, ez dauka zentzurik bilera gehiagorik egitea: "Tubos Reunidoseko zuzendaritzak argi utzi du altzairutegia itxi eta logistika kanporatu nahi duela. Ez dago zer negoziatu".
Batzar luzea, baina fruiturik gabekoa
Berriro ere, nabarmen luzatu arren, emaitzak urriak izan dira batzarrean eta akordiorik gabe amaitu dute. Berez, negoziazioan akordioa lortzeko proposamenak egin dituzte bi aldeek. Multinazionalak mahairatu du kaleratze boluntarioen eta aurretiazko erretiroen baldintza ekonomikoen hobekuntza eta sindikatuek prestutasuna adierazi dute onartzeko, baina espedientea sinatu gabe.
Enpresariek ordea, erantsi dute eskaintza hori mantenduko dutela soilik langileen ordezkariek espedienteari oniritzia ematen badiote. Edonola ere, beharginek azpimarratu dute ez dutela babestuko ez kaleratzerik, ezta altzairutegiaren itxiera eta logistika kanporatzerik ere.
Beharginen ordezkariek berriro azpimarratu dute ez dutela babestuko ez kaleratzerik, ezta altzairutegiaren itxiera eta logistika kanporatzerik ere.
Izan ere, sindikatuek behin eta berriro azaldu dute, euren ustez, konpainiak aurkeztutako dokumentazioak ez dituela justifikatzen hartu nahi dituzte neurriak.
Dimisioa negoziazio mahaian
Goiza ezustearekin hasi da langileen artean, Asier Hidalgok bere tokia utzi baitio negoziazio mahaian Andres Garcia Duque Enpresa Batzordeko presidenteari, UGT erakundekoa. Horrek harremana izan dezake prozesua luzatzeko gerora hartutako azken orduko erabakiarekin, Hidalgo Amurrioko altzairutegiko behargina baita.
Bestalde, aipatzekoa da bilerak iraun bitartean eskualdeko Tubos Reunidoseko ehunka langilek mobilizazioak egin dituztela Bilboko hainbat tokitan: Eusko Jaurlaritzako egoitzan, Bizkaia plazako Administrazioaren eraikin aurrean, Euskalduna Jauregian...
Mobilizazioek ez dute etenik izango. Bihar enpresako bulegoetara itzuliko dira eta asteazkenean lanuztea baliatuko dute batzar orokorra egiteko.