Tubos Reunidos

Greba mugagabea: Tubos Reunidoseko langileek aukeratu duten bidea kaleratze espedientearen sinaketa ekiditeko

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 12a

Tubos Reunidoseko langileek hainbat mobilizazio egin dituzte Bilbon azken egunetan. / Aiaraldea.eus

Atzo Tubos Reunidoseko langileek eta sindikatuek greba mugagabearen aldeko apustua egin zuten, baina mobilizazio ereduaren aldaketa ez da jarduera produktiboa eteteko saiakera hutsa. Neurri horrekin, Trapagarango zenbait ordezkari sindikalek iradokitako bidea oztopatzea ere dute helburu. 

Astelehenetik aurrera Tubos Reunidoseko langileek Amurrioko lantegiko jarduera osoa eteteari ekingo diote. Teorian, otsailaren 10etik gaurdaino egoera ez da gehiegi aldatu neurri hori hartzeko, baina eskualdeko lantegiko beharginek kolpea eman nahi izan dute mahai gainean, Trapagarango enpresa batzordearen balizko planak gelditzeko.

Izan ere, astelehenean enplegua erregulatzeko espedientearen kontsulta epea luzatzeko erabakiak matematiken kontrako alarmak piztu zituen Amurrion. Berez, Aiaraldeko faktoriako gehiengo sindikalarentzat (ELA, LAB, ESK) argi zegoen zuzendaritzak ez zuela asmorik kaleratzeak gelditzeko eta, ondorioz, onena zela ahalik eta lasterren azaleratzea bere helburua. Hau da, nola nahi duen 301 kaleratzeak gauzatu, altzairutegia itxi eta logistika kanporatu.

ELAko bi kideren bozka aldaketak dena astindu du

Ordea, Trapagarango eta Amurrioko CCOO eta UGTren eta ELAko Meatzaldeko bi ordezkariren bozekin, konpainiak lortu zuen espedientearen kontsulta epea luzatzea (modu eztabaidagarrian, ELAko kide bat ez baitzen agertu bileran eta Whatsapp bidez delegatu zuen bere botoa).

ELAko bi kide horien erabakiak amorrua piztu zuen bere sindikatuko kideen artean eta langile erakundeko egituran, zeinak unean bertan esan zien "sindikatutik kanpo" zeudela. Horrek ez zuen esan nahi antolakundetik bota dituztenik (prozedura eta arauak daude horretarako), baizik eta enpresari jokoa jarraitzea eta enplegu espedientea sinatzea ELAren irizpideen kontrakoa dela.

Alegia, gaur Vocentok argitaratu duenez, Trapagarango ELAko kideek erabaki dute espedientearen alde bozkatuko dutela eta presio guztia Amurrioko UGT eta CCOOko ordezkarien gainean jarri dute.

1.000 langilek ez dezatela erabaki 301 lankideren kaleratzea

Astelehenean gertatutako egoera surrealistak mesfidantza sortu du Amurrioko langileen artean. Berez, sindikatu guztiak ados daude puntu batean: Tubos Reunidosek ez du justifikatu zergatik bota behar dituen 301 langile, altzairutegia itxi eta logistika kanporatu.

Ordea, horrek ez du esan nahi derrigorrez guztiek uko egingo diotenik enplegua erregulatzeko espedientea sinatzeari. Alegia, multinazionalaren jokaldia izan zitekeen kontsulta epea luzatzeko azpijokoa baliatzea presioa langile erakundeei pasatzeko. 

Beste modu batean esanda, aste hauetan Tubos Reunidoseko zuzendaritzak aipatu du (eta Vocentoren laguntza izan du horretarako, kalte-ordaina sari moduan aurkeztu baitu) kaleratze boluntarioen eskaintza egin duela, baina bakarrik balioko duela sindikatuek espedienteari oniritzia ematen badiote.

Gauzak horrela, eta ikusita sindikatuek ez dutela halakorik onartu espedientearen lehenengo epemuga gaindituta, bigarren bat ezarri dute, ikusteko ea sindikatuak mugiarazten dituzten, joan nahi duten langileen, euren lanpostuak ziurtatutzat jotzen dituztenen eta Trapagarango enpresa batzordearen gehiengoaren artean. 

Emandako jauzia bada mezu ez horren ezkutua Trapagarango enpresakideentzat eta akordioaren aldeko jarrera izan dezaketen sindikatuentzat: gehiengoa enplegua suntsitzeko saiakeraren kontra dago eta gainera antolatuta daude.

Hori atzo gauzatu ahal zen, bozketa bitartez. Ordea, ELA, LAB eta ESK erakundeek eta Amurrioko behargin askok argi zuten: 1.000 langilek (Aiaraldekoek eta Trapagarangoek) ezin dute erabaki 301 lankideren kaleratzea. Are gutxiago Amurrion 274 kaleratze direnean eta 27 Trapagaranen.

Akordiotik greba mugagabera

Indar orekak, hortaz, enpresak eragin nahi zuen eszenatokia irauli du. Amurrion ez dute eztabaidatu akordioa sinatzea edo ez, baizik eta greba mugagabearen bidea zabaltzea edo orain arteko lanuzteak mantentzea. 

Emandako jauzia bada mezu ez horren ezkutua Trapagarango enpresakideentzat eta akordioaren aldeko jarrera izan dezaketen sindikatuentzat: gehiengoa enplegua suntsitzeko saiakeraren kontra dago eta gainera antolatuta daude. Norbaitek zerbait sinatzen badu, gero kanpoan aurpegia eman beharko du, ez baitauka babes nahikorik (enpresarena ez bada).

Behin-behineko langileen kontratu luzapena

Amurrioko beharginen "erradikaltasuna" ez dator soilik lanpostua galtzeko arriskutik, baizik eta zuzendaritza ergeltzat jotzen dituelaren sentsaziotik. Izan ere, enplegua erregulatzeko espedientearen balizko arrazoiak eta multinazionalak hartutako zenbait erabaki ez dira bereziki bateragarriak.

Esaterako, hilabete honetan Amurrioko 87 behin-behinko langileei kontratua luzatu diete martxoaren 31ra arte, "arrazoi produktiboak" argudiatuta. Nola gertatu daiteke hori, ustez, lanik ez badago?

Hilabete honetan Amurrioko 87 behin-behinko langileei kontratua luzatu diete martxoaren 31ra arte, "arrazoi produktiboak" argudiatuta. Nola gertatu daiteke hori, ustez, lanik ez badago?

Benetan ez dago lan kargarik edo Tubos Reunidosek behin-behineko langileen kaleratzeekin puztu nahi du kale gorrian geratuko diren beharginen kopurua?

Amurrion galdera gehiago egiten dizkiete euren buruei: Nola liteke dozenaka milioi euro inbertitu izana azken urteetan altzairutegian (horretarako baliatu dute, besteak beste, SEPIren mailegua) eta orain bere itxiera izatea enpresaren jarraipena bermatuko duen neurria?

Eta, itaun horri lotuta, altzairutegia berriro irekitzeko asmorik ez badute, zergatik da irizpide oso garrantzitsua kaleratzeak egiteko orduan langileek ezagutzen dituzten lanpostuak? Zergatik ditu lanpostu gehien menperatzen dituenak geratzeko aukera gehiago, atalak eta txandak itxi behar badituzte?

Inbertsioa eta zorrak kentzea langileen kaleratzeekin

Azken finean, Amurrioko langile mordoaren iritzia da 301 kaleratzeek ez dutela zerikusirik enpresak epe luzera begira behar dituen neurriekin eta jasangarritasuna bermatzearekin, baizik eta zuzendaritzaren jokaldi batekin inbertsioa erakartzeko, behin erakunde publikoek onartuta multinazionalak ez duela zorra ordaindu beharko. 

Baina zer gertatzen da erakunde pribatuekin dauden zorrekin? Zein neurrian dira zorra duten finantza eragileak (bankuak, Ybarra familia...) Tubos Reunidoseko benetako jabeak? Zer gertatu zen 2008an eskatutako 100 milioi euro horiekin? Ez bazuten Condesa erosi, non dago horretarako baliatuko zen dirua?

Horiek dira Amurrioko beharginen artean haserrea eta ezinegona handitzen duten galderek, askok susmoa baitute euren mobilizazioak eta kaleratzeak erabili nahi dituela zuzendaritzak zorra barkatu diezaioten, behin 301 behargin kaleratuta, jakina. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide