Tubos Reunidos

ELAk Trapagarango Tubos Reunidoseko ordezkariak bota ditu sindikatutik

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 13a

Tubos Reunidoseko Amurrioko langileen protesta Trapagarango lantegian. / Aiaraldea.eus

Langile erakundeak adierazi du "ez dutela sindikatua ordezkatzen" eta El Correo Español hedabideari leporatu dio bere aurkako jarrera izatea.

Trapagarango Tubos Reunidos enpresako ELAko ordezkariek ez dute ofizialki sindikatuaren aitortzarik horretarako. Horrela adierazi du gaur bertan langile erakundeak, multinazionalak aurkeztu duen enplegua erregulatzeko espedientearen sinaketa eragotzi eta gero.

ELAk hala aipatu du: "Prozesu osoan oso argi utzi dugu Tubos Reunidosen etorkizuna ez dela kaleratzeekin bermatzen, baizik eta azken urteetako kudeaketa negargarria (irabazien banaketa desegokia kontuan hartuta) zuzenduko duen industria-proiektu batekin".

Horren ondorioz, "ELA Trapagako ordezkariek Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren planteamendua babestuz EEEren negoziazio-mahaian gaur hartutako erabakiak sindikatuaren logikatik kanpo uzten ditu. Une honetatik aurrera ez dute ELA ordezkatzen". 

Amurrioko langileak kaltetzea Trapagarangoen mesederako

Langile antolakundeak oso hitz gutxi erabili ditu erabakia komunikatzeko, baina Pello Igeregi, ELAko Negoziazio Kolektiboaren arduradunak, patxadaz idatzi du horri buruz

Igeregik azpimarratu du sindikatuaren politika ez dela bere izenean langile batzuek erabakitzea beste batzuk direla kaleratuak, Trapagaranen gertatu bezala. 

Tubos Reunidosi leporatu dio bere bideragarritasun plana ezkutatzea eta adierazpen oso larriak egin ditu konpainiaren egoerari buruz: "Altzairutegiaren itxierak enpresa ahuldu eta ekoizpen kostuak handitzen ditu; enpresak pilatutako zor arazo ikaragarria du, hein handi batean akziodunek sortutako zorra dibidenduak banatu ahal izateko; eta akziodun bat, BBVA, aldi berean enpresaren hartzekoduna da, eta jakin nahi dugu ea enpresa emaitzen kontuak hondatzen ari den akziodun horri ordaintzeko. Informazio hori guztia eskatu dugu eta ukatu egin zaigu".

"Akziodun bat, BBVA, aldi berean enpresaren hartzekoduna da, eta jakin nahi dugu ea enpresa emaitzen kontuak hondatzen ari den akziodun horri ordaintzeko. Informazio hori guztia eskatu dugu eta ukatu egin zaigu"

Vocento, ELAren etsai

Igeregik ez du ukatu Trapagarango lantegian gertatutakoak arazorik sortu ez duenik, baina egoera berotzearen ardura Vocento taldeari egotzi dio: "Oihartzun erabat neurrigabea izaten ari da, traza sentsazionalistekin eta kazetaritza gisa zorroztasun gutxirekin. Editorialak sinatu dituzte, egoera hau egunkari baten azalera eraman dute, argitaratu aurretik ez da informaziorik kontrastatu, krisia ELA barneko hil ala biziko gatazka gisa azaldu dute edo gure ordezkaritzaren zati bati bakarrik eman diote ahotsa".

Gauzak horrela, Negoziazio Kolektiboaren arduradunak nabarmendu du Vocentok eta sindikatuak talka egiten dutela puntu zehatz batzuetan: "Vocento taldeak interes propioak ditu Tubos Reunidosen gatazkan. Neguriko familia bera Vocento taldearen eta Tubos Reunidosen akzioduna da. ELAk amore ematea diru-irabaziak dakartza akziodun horientzat".

ELAren greba mugagabea El Correoko errotatiban

Igeregik azaldu du ugariak direla Vocento eta ELAren arteko desadostasunak, eta gogoratu du sindikatua El Correoko errotatibako greba mugagabearen lidergoa eraman zuela: "156 egun iraun zuen, prozesuan zehar egunkariak greba eskubidea urratu zuen eta greba ez zen bukatu irteera traumatiko guztiak saihestu arte".

Vocento eta langile erakundearen arteko liskarrak fronte gehiagotan bizi izan dira: "ELAk ere greba deitu izan du Diario Vasco egunkarian, lan-baldintzak hobetzea eskatzeko, eta Diario Vasco egunkariko langileek martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egitea erabaki dute".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide