Tubos Reunidos

Amaitu da Tubos Reunidoseko zuzendaritza eta sindikatuen arteko bilera, akordiorik gabe enpresak mantendu duelako altzairutegia ixteko asmoa

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 13a

Multinazionalaren eta langile erakundeen arteko bilera akordiorik gabe bukatu da. Amurrioko lantegiko beharginak berriro batu dira Euskalduna Jauregian 301 kaleratzeak salatzeko eta Bilbon mobilizatu dira zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko bilera hasi ondoren. 

Tentsioz eta hedabidez beteriko goiza bizi dute gaur Tubos Reunidoseko Amurrioko langileek. 10:00etan hasi da bilera langile erakundeen eta enpresaren artean eta ez da inolako adostasunik egon. Sindikatuek ziurtatu diote Aiaraldea Komunikabideari ez dutela espedientea sinatu eta orain bai, itxi da kontsulta epea. Hortaz, multinazionalaren benetako asmoak 15 egun barru jakingo dira.

Altzairutegia ixteko erabakia

Akordioa ezinezkoa egin duen puntua argia izan da: Tubos Reunidosek altzairutegia itxi nahi du bai ala bai eta sindikatuek mantendu dute enpresak ez duela neurri hori justifikatu.

Berez, multinazionalak egindako azken eskaintza izan da orain arte egindako proposamen ekonomikoa irteera boluntarioak sustatzeko, behin-behineko langile guztiak kaleratzea, altzairutegia ixtea eta logistika atala kanporatzea. Altzairutegiari dagokionez, konpainiak iragarri du batzordea sortu eta sei hilero biltzeko asmoa duela, aztertzeko kanpoan altzairua erosteko neurria egokia den edo azpiegitura berriro irekitzeko beharra dagoen. Sindikatuen ustez, azken plan hori ez da serioa.

Gainera, Tubos Reunidosek beste baldintza bat jarri du: espedientearen sinaketari buruzko galdeketa egitea Amurrioko lantegian ere.

Amurrioko ELAk, LABek eta ESK-k adierazi dute eurentzat kontsulta epea astelehenean amaitu zela eta edozein akordio epaitegira eramango zutela.

Behin hori mahai gainean jarrita, etenaldia egin dute, CCOOk eskatuta. Bilerara itzuli direnean Amurrioko ELAk, LABek eta ESK-k adierazi dute eurentzat kontsulta epea astelehenean amaitu zela eta edozein akordio epaitegira eramango zutela. Gogoratu beharra dago Trapagarango ELAko kideen babesarekin luzatu zela kontsulta epea eta horietako bat ez zela agertu bileran. Amurrioko sindikatuak salatu dutenez, Whatsapp mezu baten bitartez delegatu zuen bozka eta hori ez da legala.

Bestalde, UGTk bere jarrera berretsi du eta argudiatu du zuzendaritzak ez duela frogatu altzairutegia ixteko premia. CCOOk, aldiz, positibotzat jo du Tubos Reunidosen proposamena eta galdeketa eginda espedientea sinatzeko prestutasuna agertu du bozketa bidez hori erabakiz gero.

Gauzak horrela, ez da akordiorik egon eta enpresaren esku geratu da espedientearen kudeaketa.

Hasierako jarrerak ez dira aldatu

Berez, bilerak aurreikusitako gidoia jarraitu du. Batzarrean sartu baino lehen, ELAk, LABek eta ESK-k berretsi diete bertaratutako langileei ez dutela 301 lanpostu suntsituko duen espedientea sinatuko. Gaur lau orduko lanuztea baino ez dute fabrikan, ez zutelako denborarik izan greba eguna deitzeko, eta ezin izan dira guztiak bertaratu.

Amurrioko UGTk atzo argitu zuen ez duela enplegu suntsiketa babestuko multinazionalak ez duelako justifikatu.

Trapagarango egoera

Amurrioko borroka giroa, edonola ere, oso bestelakoa da Trapagaranen, atzo bozketa egin baitzuten eta 251 beharginek babesa eman zioten kaleratze ez traumatikoak egiteari. Hori bai, Amurrioko sindikatuek salatu dutenez, ez dute aipatu 301 bajak bete arte, guztiak ez direla boluntarioak izango.

Meatzaldeko galdeketak hautsak harrotu zituen atzo, baina behin UGTk adierazita ez diola oniritzia emango espedienteari, negoziazio mahaian ez dago gehiengorik kaleratzeak gauzatzeko sindikatuen sinadurarekin.

Bilerako sarrera, tentsioaren irudia

Azken egunetan gertatutakoaren isla izan da batzarraren sarrera. Trapagarango ELAko ordezkariak ez dira ate nagusitik sartu (gogoratu beharra dago langile horiek ez dutela bete sindikatuaren irizpidea) eta CCOOkoak oihu eta txistu artean barneratu dira.

Behin bilera hasita, Tubos Reunidoseko langileek mobilizazioak egin dituzte hiriburuko kaleetan.

Argazkiak: Tubacexeko langileak, Aitor Aspuru Saez

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide