Tubos Reunidos

ESK-k salatu du Tubos Reunidosek bi egun baino ez diela eman langileei kaleratze boluntarioen akordioa sinatzeko, eta "xantaitzat" jo ditu ezarritako baldintzak

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 18a

Tubos Reunidoseko bulegoen aurrean egindako protesta./ Aiaraldea

ESK sindikatuak ikertu ditu Tubos Reunidosek jarritako baldintzak kaleratze boluntariorako bidea hautatu dutenei eta salatu du xantaia eta presioa egiteko modua dela. Bai aukera hori hautatu dutenentzat, -48 ordu eskas eman dietelako dokumentazioa betetzeko-, zein sindikatuentzat.

Gaur bidali die Tubos Reunidosek dokumentazioa sinatzeko eskaera baja boluntarioen programan izena eman dutenei. ESK sindikatuak komunikazioa aztertu du eta ondorioztatu du dena "xantaia" eta presioa egiteko tresna dela. Izan ere, akordio proposamenak bi baldintza handi ditu, enpresaren esku ez daudenak.

Alde batetik, ziurtatzen du indarrean sartuko dela multinazionalak finantzatzeko akordioa lortzen badu. Bestetik, ez da egon behar helegiterik epaitegietan zeina enplegua erregulatzeko espedientea nulutzat edo bidegabetzat joko duen. Bi erabaki horiek, azpimarratu du ESK-k, ez dira enpresarenak.

48 ordu eskas sinatzeko eta opor egun bat erdian

Horrez gain, langile erakundeak kritikatu du erabaki larri eta garrantzitsua hartzeko, konpainiak 48 ordu eskas baino ez dituela eman. Gaur goizean Signaturit plataforma bitartez mezua bidali die beharginei Tubos Reunidosek eta horretan ohartarazi die ostiralean beranduenez itzuli behar dutela dokumentua sinatuta.

ESK-k nabarmendu du bi egun baino ez dituela eskaini idazkia aztertzeko eta horietako egun bat opor eguna dela. Hortaz, jende askorentzat ezinezkoa izango da abokatu edo aholkulari batekin lantzea.

Presio neurria sindikatuen kontra

Langile erakundeak iritzi du Tubos Reunidosen benetako asmoa irteera boluntarioekin badela sindikatuak sakatzea enplegua erregulatzeko espedientea ez dezaten salatu epaitegietan. "Gure gain jarri nahi dute presio osoa", aipatu du ESK-ko ordezkari batek.

"Martxoaren 20an nahi dute langileek sinatzea irteera boluntarioak, baina noiz aktibatu ahalko du enpresak plan hori? Sindikatuon eskumena -eta norbanakoena- da espedientea salatzea eta urteak igaro daitezke azken epaileak erabaki arte nulua edo bidegabea den edo ez. Ordura arte itxarongo dute plana gauzatzeko? Eta noiz jakingo dute finantzazioa izango duten? Noiz egingo dituzte ordainketak? Noiz arte luzatu nahi dute prozesua?", galdetu du ESK-ko kide batek Aiaraldea Komunikabidearekin hitz egitean.

ESK-k argi dauka bere jarrera: "Gure helburua da enpresaren etorkizuna bermatzea eta horretarako behar dugu altzairutegia irekita mantentzea eta logistika ez kanporatzea. Ez dugu akordiorik sinatuko hori ez bada ziurtatzen".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide