Tubos Reunidos

ELAk eskatu zion Lan Ikuskaritzari aztertzeko Tubos Reunidoseko hainbat ebentualen kontratuak otsailean

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 26a

Tubos Reunidoseko langileen mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Hala jakinarazi die sindikatuak bere afiliatuei. Gaur gaueko ordu txikietan Tubos Reunidoseko langileek lekukoa hartuko dute Korrikan eta bihar Dolumin Barikuan elkarretaratzea egingo dute.

ELA sindikatuak bere afiliatuei azaldu die Lan Ikuskaritzarekin otsailean egindako bileran eskatu ziotela erakundeari berrikusteko hainbat ebentualen kontratua. "Deigarria zen 40 behin-behineko kontratu, ekoizpen arrazoiengatik sinatutakoak urtarrila eta otsaila artean, martxoaren 31n amaitzea, hau da, ebentualen kolektiboaren kaleratzearekin batera. Kontratu horien arrazoia zen lan karga handitu izana, aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientea indarrean zegoelarik eta enplegua erregulatzeko espedientea kontsulta epean egon bitartean".

ELAk oraindik ezin du zehaztu eskaera horrek eragin duen 42 eta 47 ebentualen arteko kontratuak legez kontrakotzat jotzea Lan Ikuskaritzak, baina dokumentazio osoa eskatu du.

Erakunde publikoen zorroztasuna

ESK sindikatuak, bere aldetik, erakunde publikoei exijitu die langile erakundeekin izan duten zorroztasuna. "Ez da bidezkoa enpresak legea urratu ondoren erakundeek babes hain argia ematen jarraitzea zuzendaritzari", kritikatu du ESK-k.

Korrika eta Dolumin Barikua

Espedientearen nondik norakoak argitzen diren bitartean, Tubos Reunidoseko langileek jarraitzen dute greba mugagabean eta mobilizatzen. 

Hori dela eta, gauez Korrikako hiru kilometrotan egongo dira presente Aiaraldean:

  • 00:29an 2.348 kilometroan hartuko dute lekukoa, Izoriako Administrazio Batzarrak eskainita.
  • 00:35ean 2.349 kilometroko protagonistak izango dira, "Tubos Reunidoseko langile borrokalariak" izenean.
  • 04:20an 2.398 kilometroa partekatuko dute Arakaldoko Udalarekin eta Maderas de Llodioko langileekin. 

Horrez gain, bihar Dolumin Barikua dela eta, 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Herriko plazan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide