Dozenaka lagun bildu dira gaur arratsaldean Amurrioko plazan, iragan asteazkenean Basaurin jazotako erailketa matxista gaitzesteko. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kideek deitu dute protesta, eta ohartarazi dute honakoa ez dela azken egunetan Euskal Herrian jazotako eraso larri bakarra, atzo 48 urteko gizon bat bere emaztea hiltzen saiatu baitzen Berrizen.
Eraildako emakumearen senideei eta larriki zauritutakoari “babesik beroena” helarazi diete elkarretaratzean, eta mahai gainean jarri dute horrelako indarkeria kasuen atzean gizonek zein erakunde publikoek duten erantzunkizuna.
Horrez gain, nabarmendu dute aurten Euskal Herrian jazotako bigarren erailketa matxista dela Basaurikoa, urtarrilean beste bat jazo baitzen Barakaldon, eta kasu horretan ere protestak antolatu zituen eskualdeko mugimendu feministak.