Tubos Reunidos

Tubos Reunidosek 118 milioi euroko galerak izan dituela berretsi dute bere kontu ikuskatuek, eta auditoreek "zalantza nabarmenak" plazaratu dituzte enpresaren jarraikortasunari dagokionez

Txabi Alvarado Bañares 2026ko apirilaren 14a

Tubos Reunidoseko langileek ia hilabete bat daramate greba mugagabean. / Aiaraldea.eus

155,1 milioi euroko kontabilitate-doikuntza egin du konpainiako sozietate nagusiak, taldeko enpresetan dituen partaidetzetatik eta taldeari emandako maileguetatik berreskuratu ahalko duen dirua berkalkulatuta. 

Atzo arratsaldean plazaratu zituen Tubos Reunidosek 2025eko kontu ikuskatuak. Ernst & Young kontsultoria arduratu da lan horiek egiteaz, eta ontzat eman ditu iazko kontu ekonomikoak.

Txostenetan agertzen denaren arabera, 118 milioi euroko galera globalak ditu multinazionalak, duela aste batzuk jakinarazitakoa berretsiz. 

Horren harira, Ernst & Young ikuskariak "zalantza nabarmenak" plazaratu ditu enpresak funtzionatzen jarraitzeko izan dezakeen gaitasunari dagokionez, eta Trumpen muga-zergetan jarri dute arazoaren jatorria. 

"Narriaduragatiko hornidura" deritzon kontabilitate-doikuntza egin du konpainiak bere sozietate nagusian, 155,1 milioi euroko galera kalkulatuta. 

Sozietate nagusiak, 160 milioi euroko galera

Egoera txarragoa da multinazionalaren sozietate nagusiaren (Tubos Reunidos S.A.) kasuan. Enpresa nagusi horrek 160 milioi euroko galerak aurkeztu ditu.

Txostenean bertan azaltzen denez, galera nagusia "narriaduragatiko hornidura" deritzon kontabilitate-doikuntzatik dator. Operazio horrekin, sozietateak "taldeko enpresetan dituen partaidetzen eta taldeari emandako maileguen balio berreskuragarria" birkalkulatu du, "haien arrazoizko balioaren arabera, merkatuko baldintza berrien arabera". Berkalkulu finantziero horretatik dator kontuetako galerarik handiena, 155,1 milioi eurokoa.

Kontu globaletan ere antzeko kalkulua egin du multinazionalak: 40,8 eta 8,4 milioi euroko galerak kalkulatu ditu, hurrenez hurren, bere ibilgetu materialaren zein  zerga geroratuagatiko aktiboen hondatzeagatik, eta horrek eragin du 118 euroko emaitza ekonomiko negatiboa, “errentagarritasunaren erorketarekin” batera. 

Ohikoan baino beranduago

Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak ezarritako epemugen barruan, baina ohikoan baino hilabete beranduago aurkeztu ditu Tubos Reunidosek iazko kontu ekonomikoak, azken lau urteetan otsailaren amaieran aurkeztu baititu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide