Pi L.T. metal talde ezagunak kontzertua eskainiko du Amurrioko Gaztetxean, San Joseko jaietan

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko apirilaren 17a

Eten luze baten ondoren 2024an itzuli zen Pi L.T. eszenatokietara. / Pi L.T.

Musika eskaintza zabala prestatu dute Amurrioko Gazte Asanbladako kideek, San Joseko jaietako egitaraua are gehiago aberasteko. Maiatzaren 1ean Pi L.T. talde ezagunak astinduko du Gaztetxea, baina talde eta musika estilo gehiago izango dira jaietako hiru egunak girotzeko.

Zorionekoak dira Aiaraldeko metal zaleak. Maiatzaren 1ean, San Joseko jaien testuinguruan, kontzertua eskainiko du Pi L.T. talde ezagunak Amurrioko Gaztetxean. 1990eko hamarkadan rock eta metal musikan zein euskal eszenan iraultza eragin zuen Mungiako bandak. Bost disko kaleratu zituzten 1993 eta 2005 urteen bitartean. Ia bi hamarkadaz luzatu zen eten baten ondoren, 2024an itzuli ziren eszenatokietara.

Mungiarrek Cabron Dandy tokiko taldearekin elkarbanatuko dute Gaztetxeko oholtza. Luis Vil amurrioarra da Cabron Dandy taldeko abeslaria, eta maiatzaren 1eko kontzertua "mendeku txiki bat" izango dela azaldu du sare sozialetan. Izan ere, gaur egun Amurrioko Gaztetxea dena Guardia Zibilaren kuartela zen duela 40 urte, eta gaztetan bertan bizitako pasarte ilun bat ekarri du gogora sortzaile amurrioarrak kontzertuaren berri ematearekin batera: "Datorren maiatzaren 1ean zirkulu bat itxiko dut irrikaz, arantza zahar bat erauziz. 1980ko hamarkadako kuartel ilun hura gaztetxe koloretsu eta alaia da gaur egun. Ilusio handia egiten dit maiatzaren 1ean, Langile Klasearen Nazioarteko Egunean eta auzoko jaietan, agertoki horretara igotzeak, orain dela 40 urte baino gehiago ezin izan nuenari ordaina emateko, gustura geratzeko, oihu egiteko, eta, batez ere, erantzuteko".

Kontzertuak 21:30etan hasiko dira, sarrerak 12 euroko prezioa izango du eta egunean bertan erosi beharko dira.

Musika eskaintza zabala

Rock eta metal musikaz haratago, urtero bezala eskaintza zabala prestatu dute Amurrioko Gazte Asanbladako kideek auzoko jaietako egitaraua aberasteko. Apirilaren 30ean Selektha Stepik eta DJ Txatxis jarriko dute dantzan San Jose auzoko gune autogestionatua goizeko ordu txikiak arte. Maiatzaren 2an ere zabalduko dituzte Gaztetxeko ateak, 22:30etatik aurrera. Hirugarren egun horretan DJ Katiuska laudioarrak arituko dira oholtzatik giroa berotzeko lanetan. Gazte Asanbladako kideek aurreratu dutenez, beste talde bat gehiago lotzeko ahaleginetan ari dira ere, jai-giroa are gehiago zukutzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide