Giza katea osatu dute Tubos Reunidos eta Maderas de Llodioko langileek, instituzioei “neurri erreal eta urgenteak” eskatzeko

Txabi Alvarado Bañares 2026ko apirilaren 20a

Aurrekoetan bezala, presentzia polizial handiarekin egin dute protesta Refor enpresaldean, baina ez da gaztazkarik egon. 

Aiaraldeko Garapen Industrialaren aldeko Mahaiaren bosgarren bilera egin dute gaur Refor enpresaldean eta, aurrekoetan bezala, aukera hori baliatu dute Tubos Reunidos eta Maderas de Llodioko langileek indarrak batu eta bi enpresetan ezarri nahi dituzten kaleratzeen aurkako aldarriak zabaltzeko. 

Giza katea egin dute horretarako eraikinaren ertz batetik bestera. Presentzia polizial handia egon da, baina ez da gatazkarik sortu. Mahaiko parte hartzaile batzuk langileen artetik sartu dira aparteko arazorik gabe. Beste batzuk, aldiz, Ertzaintzaren Brigada Mugikorrak atondutako beste bide bat baliatu dute giza katearekin topo ez egiteko. 

Bi enpresetako grebalariek “duten erantzukizuna gogorarazi” nahi izan diete mahaian bildutako ordzkari politiko eta instituzionalei, eta “neurri erreal eta urgenteak” eskatu dizkiete kaleratzeen auziari konponbidea emateko. 

“Azken asteetan Aiaraldea berriro egon da albistegietan, hainbat arrazoiengatik, baina hemen ez da ezer aldatu”, ziurtatu dute beharginek. Ohartarazi dutenez, ehunka lanpostuk jarraitzen dute suntsitzeko arriskuan, “eta erakunde publikoek, kaleratzeen erantzuleei ardurak eskatu ordez, langileon bizkarren gainean jartzen dute ardura guztia”. Horren aurrean, berriro salatu dute “Tubos Reunidos eta Garnicako zuzendaritzek” sortu dutela arazoa, eta eurei eskatu behar zaizkiela “ardurak eta konpromisoak”. 

Bien bitartean, borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute. Aste honetan hainbat elkarretaratze eta mobilizazio egingo dituzte, eta SOS Aiaraldearen hurrengo bilerara gerturatzeko gonbita ere luzatu dute. Apirilaren 29an izango da zita, 19:00etan Amurrioko Kultur Etxean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide