Tubos Reunidos

Udaletxea ordubetez okupatu dute Tubos Reunidoseko langileek, alkateari azalpenak eskatzeko Bruselan izandako bilerari buruz

Aitor Aspuru Saez 2026ko apirilaren 24a

Udalbatza aretoa okupatu dute grebalariek. / Tubos Reunidoseko langileak

Langileek haserrea adierazi dute pasa den astean bildu zirelako berarekin, eta alkateak ez zielako Bruselako bilerari buruzko aipamenik egin.

Gaur, ostiralero bezala, mobilizazioa egin dute Tubos Reunidoseko grebalariek, baina manifestazioa plazan amaitu ordez, udalbatza aretoa okupatu dute ordubetez.

Berez, langileen helburua izan da Txerra Molinuevo alkatearekin hitz egitea, baina udalburua ez zegoen gaur. Beharginen bozeramaileetako batek argitu du "haserre" daudela pasa den astean bilera egin zutelako eta Molinuevok ez zielako Bruselako batzarraren berri eman. "Horrelako hitzorduak ez dira egun batetik bestera egiten", aipatu du sindikatu bateko kideak.

Grebalariek erantsi dute alkateak aipatu zuela hedabidetan Europar Batzordearekin izandako elkarrizketa "emankorra" izan zela, baina ez dela beharginekin harremanetan jarri. "Entzuten dugu oso larrituak daudela Tubos Reunidosen egoera dela eta, baina jende ororekin hitz egiten dute, gurekin izan ezik", salatu dute grebalariek.

Udalbatza aretoa okupatu eta gero, udal gobernu taldeko beste kide batekin mintzatu dira eta adostu dute hurrengo astean bilera egingo dutela, zinegotzi horrek ez baitzuen Europar Batzordeari buruzko informaziorik.

Esan bezala, ordubeteko protestaren ostean, Amurrioko Udaletxea utzi dute Tubos Reunidoseko langileek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide