Osagai tradizionalekin ospatu zuten atzo San Prudentzio bezpera Amurrion: danborrada eta barraskilo-jana. Ehunka lagun bildu ziren San Anton plazan ospakizunaz gozatzeko eta danbor-jotzaileek errepertorio zabala eskaini zieten, Beti Jai fanfarrearen laguntzarekin.
Barraskilo kazolatxoak ere banatu zituzten, bi euroan errazioa. Bertan dastatzeko zein etxera eramateko irrikaz zeuden herritarrak eta ilara luzea sortu zen horiek lortzeko.
Gaur, jai egun handia da Araban, eta danborradekin amaitzeko Etxaurren Ikastolako haurren erretreta egingo dute, Aiarako jaien egitarauaren barruan.