Atzo hedabideetan zabaldu zen Tubos Reunidos hartzekodunen konkurtsora aurkezteko prestatzen ari zela eta %37,5ko erorketa izan zuela burtsan. Horren aurrean, enpresak oharra bidali zuen arratsaldean Balore Merkatuaren Espainiako Batzordera, bere egoera azaltzeko.
Ohar horretan, Tubos Reunidosek aipatzen du bere egoera "larriagotu" egin dela ez delako akordiorik lortu Enpresa Batzordearekin Enplegua Erregulatzeko Espedientearen harira, eta Amurrioko beharginek greba mugagabea abiatu dutelako. Horrez gain, multinazionalak aipatu du elkarrizketak abiatu dituela bere zordun batzuekin, baina ez duela akordiorik lortu momentuz. Gainera, enpresak ez du lortu ezta finantziazio berririk ezta "aliantza estrategikorik" ere, baina nabarmendu du horiek lortzeko negoziazioetan murgilduta daudela.
Gauzak hala, hodi ekoizleak berriz ohartarazi du egungo egoerak bere bideragarritasuna kolokan jartzen duela, eta horregatik ez duela baztertzen "neurri gehigarriak" hartu behar izatea, "hartzekodunen konkurtso boluntarioa deitzea baztertu gabe". Era berean, multinazionalak jakinarazi du Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari jakinaraziko diola esparru honetan sortzen edozein informazio nabarmen.
El Confidencialek eman zuen atzo Tubos Reunidos jada hartzekodunen lehiaketa prestatzen ari zelako albistea. Hedabide horren arabera, Uria Menendez abokatuen bulegoarekin egongo litzateke enpresa dokumentazio guztia prestatzen, maiatzeko lehen astean plazaratzeko asmoarekin. Dena den, Tubos Reunidoseko CEOak berak informazio hori gezurtatu zuen handik gutxira langileekin izandako bilera inprobisatuan.
Balore Merkatuaren Espainiako Batzordera bidalitako oharra langileen aurkako "presio mekanismoa" dela iritsi du ESK sindikatuak, eta argudiatu du enpresaren "estrategia" bati erantzuten diola.