Azkenean maiatzaren 7an batzarra egongo da Amurrioko Tubos Reunidoseko enpresan grebari buruz bozkatzeko, baina ez du eraginik izango lanuztean, grebaren antolakuntzaren inguruko iturri sindikalek jakinarazi dutenez. "Sindikatuok deitu genuen eta guk utziko dugu bertan behera, ez beste batzuek", aurreratu dute.
Gertakarien kronologia
Ostiral goizean Vocento taldeko El Correo egunkariak argitaratu zuen Amurrioko langile talde batek behargin guztien %25aren sinadurak bildu zituela batzarra deitzeko maiatzaren 7an grebaren etorkizunari buruz bozkatzeko.
Egunean bertan Aiaraldea Komunikabidea eta beste hedabide batzuk greba deitu zuten sindikatuekin harremanetan jarri ziren eta hauek adierazi zuten ez zutela albiste horren berririk. Are gehiago, ESK sindikatuak "bulo" gisa sailkatu zuen albistea, dokumentua sare sozialen bidez zabaltzen ari zelako inolako izenik gabe.
Greba deitu zuten sindikatuek salatu dute Vocenton eman zutela batzarraren albistearen berri eta eurek komunikazioa askoz beranduago jaso zutela. Horrekin batera, zuzendaritzaren maniobra dela ziurtatu dute.
Ordea, deiak erantzun eta gero jaso zuen Langile Batzordeak komunikazioa, non bilera egiteko asmoa jakinarazi zieten.
Langile erakundeek aipatu dute ez dutela modurik egiaztatzeko benetan beharginen %25ak ekimena babestu duen edo ez. Izan ere, enpresaren, Lan Ikuskaritzaren eta Gizarte Segurantzaren edo epaitegien esku utziko dituzte sinadurak, konfidantzialtasuna argudiatuta.
Tubos Reunidoseko zuzendaritzaren maniobra
Hasieran albiste faltsutzat definitu zuten ekimena, sare sozialetan zabaldutako dokumentua anonimoa zelako. Baina orain greba deitu zuten sindikatuek argi dute "zuzendaritzaren mugimendua" dela. Ez bakarrik albistea Vocento taldeak argitaratu duelako lehenbizi, baizik eta egitasmoaren buruak "zuzendaritzatik gertu dauden pertsonak" direlako, eta ez "langile arruntak", iturri sindikalek Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi diotenez.
Iturri sindikalek zehaztu dutenez, bileraren deitzaileak ez dira "langile arruntak", baizik eta "zuzendaritzarekin harreman estua duten" kideak, Txina eta Hego Koreako salmenta arduraduna kasu.
Zehaztu dutenez, Batzarraren presidentea Hego Koreako eta Txinako Salmenta arduraduna izango da, eta idazkaria arlo komertzialeko kide bat. Aldiz, ikuskatzaileak IT aplikazioen arduraduna eta Eraginkortasun eta Energien arduraduna izango dira. Komunikazioaren sinatzailea, ordea, Tubos Reunidoseko Merkatu Nazionaleko arduraduna da.
Greban eraginik ez
Sindikatuak astelehenean bilduko dira, baina banakako iritziak dira batzarrak ez duela izango eraginik, bileraren deitzaileek ez dutelako greba antolatu eta batzarraren deitzaileek ez dutelako zilegitasunik bertan behera uzteko.
"Lanera joatea eta greba egitea banakako eskubideak dira. Guk greba egingo dugu, lanera joan nahi duenak bere eskubidea dauka. Piketean ikusiko dugu elkar, bakoitza bere aldean", aipatu du iturri sindikaletako batek.
Pikete indartsua antolatzea aurreikusi dute Aiaraldea Komunikabideak kontsultatutako iturri sindikalek maiatzaren 7an.
Gauzak horrela, Aiaraldea Komunikabideak kontsultatutako iturri sindikalek pikete handia eta indar erakustaldia egitea proposatuko dute.
"Desadostasuna sustatzeko saiakera"
Iturri sindikalek erantsi dute batzarraren antolatzaileek (hau da, zuzendaritzak, euren ustez), badakitela greba ez dela bertan behera geratuko, baina saiakera da langileen artean "desadostasuna sustatzeko" eta, gehienbat, "greba bera kriminalizatzeko".