Amurrioko Udalak ez du azken bost urteetako udal kontratazioen kanpo ikuskaritza egingo. Hori proposatu zuen EH Bilduk iragan osteguneko osoko bilkuran, baina EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten.
Ez zen ezuztekoa izan: udal gobernuan dauden bi alderdiek duela aste batzuk erantzun zioten EH Bilduren eskaerari, "ekimen politiko" gisa definituta.
Horren aurrean, ohar berria plazaratu du oposizioko taldeak, udal gobernuaren jarrera deitoratzeko. "Udal-gardentasunaren aldeko urratsik ez ematea" leporatu die EAJ eta PSE-EEri, eta gogorarazi du kontu-hartzaileak hainbat erreparoren berri eman zuela iazko txostenean.
Txosten horretan azaltzen denez, kontu-hartzaileak hainbat irregulartasun atzeman zituen: bidegabeko gastuak, isilbidezko luzapenak luzaezinak ziren kontratazio-espedienteetan, edo kontratu txiki gisa izapidetu direnak luzaezinak izan gabe.
Hala ere, txostenak berak dio kontu-hartzaileak ez zuela zerbitzu horiek bertan behera uztea proposatu, “benetan emandako lanak” zirelako.
Bost kasu zehatz aipatzen ditu dokumentuak. Kasu horietako hirutan zerbitzuaren kontratua amaitu egin zen, eta Udalak enpresa berdinei ordaintzen jarraitu zien zerbitzua ematen jarraitu zezaten, legezko 15.000 euroko langa gaindituz.
Hori gertatu zen Mendiko Eskolako garbiketa zerbitzuarekin, 117.490,87 euroko faktura sortu zuena 2025eko maiatzaren 1etik urriaren 31era. Enpresa berak beste kontratu bat zuen esleituta 2025eko martxoaren 31ra arte, eta apirilaren 1etik aurrera zerbitzua ematen jarraitu zuen, 29.930,67 euroko fakturarekin.
Hauxe Da aldizkaria ekoizteko kontratua ere luzatu egin zen irailaren 1etik aurrera, 23.067,87 euroren truke.
Udako igerilekuetarako lixibaren horniketak, aldiz, bost urtez jarraian gainditu du 15.000 euroko langa, 26.400,72 euroko faktura sortuz 2025ean.
Bukatzeko, Amurrio Antzokiko pelikulen kontratazioa ere agertzen da txostenean, 192,62 eurorengatik gainditu duelako 15.000ko muga.
"Argazki sakon" baten beharra
Horren aurrean, "udal-kontratazioaren egoeraren argazki sakona" behar dela defendatu du berriz Jon Berganzak. EH Bilduko bozeramailearen iritziz, "deitoragarria" da Amurrioko EAJ eta PSE-EE ez izatea "iritzi berekoak" eta, beraz "administrazio publiko bati dagokion gardentasunaren aldeko apustua ez egitea".