Amurrioko Udalak azken bost urteetan eginiko kontratuen kanpo auditoria bat egitea eskatu du EH Bilduk eta mozio bat aurkeztuko du horren harira hurrengo Udal Osoko Bilkuran. Auditoretza hori ekaina baino lehen esleituta izatea ere eskatu du oposizioko talde politikoak, “kudeaketa publikoa hobetzeko neurriak lehenbailehen martxan jarri ahal izateko”.
Oposizioko taldeak azaldu duenez, Udaleko kontu-hartzaileak hainbat erreparo plazaratu ditu iazko kontratazioei lotuta, “eta ez dira bakarrak”. Izan ere, EH Bilduk nabarmendu duenez, kontu-hartzailea “legealdi osoan zehar” aritu da txostenak egiten, “baina 2025eko kontratazio erreparoak biltzen dituen azken txosten hau 200.000 eurotik gorakoa da, akats puntualtzat har daitekeena gainditzen duela”. Gainera, koalizio subiranistak nabarmendu du 2024ko maiatzean 117.490 euro ordaindu zirela faktura bidez “kontratu bakarrarengatik”, horretarako mugak ezin duenean 15.000 euroko langa gainditu urtebetean.
EH Bilduk salatu du hori ez dela kasu isolatua, txosten berean aipatzen delako 2021tik hona gehienezko langa hori urtero gainditu dela enpresa berdinarekin, “eta 2026 urterako neurriak hartzea” ere eskatzen delako.
Oposizioko taldeak azaldu duenez, Udaleko kontu-hartzaileak hainbat erreparo plazaratu ditu iazko kontratazioei lotuta, “eta ez dira bakarrak”.
Udal gobernuaren erantzuna
Udal gobernuak ere oharra plazaratu du EH Bilduren eskaerari erantzuteko. Udaleko kideek "bere testuinguruan" kokatu nahi izan dute gaia. Azaldu dutenez, urtero egiten dira udal kontu-hartzailetzako txostenak, eta "prozedura arrunta, arautua eta gardena" da hori, "udal guztietan" dagoena.
Horri lotuta, Udalak aitortu du 2025eko txostenean hainbat erreparo agertzen direla, "ohikoa denez", baina gaineratu du agertzen den "eragozpen nagusia prozesu zehatz bati lotuta" dagoela: "garbiketa-zerbitzua berrantolatzea INDESAren bidez emateko, eredu publiko eta osagai sozial handiagoko baten alde eginez". Tokiko gobernuko kideek defendatu dutenez, prozesu horrek "irtenbide iragankorrak" behar ditu, "ereduaren aldaketa osatzen zen bitartean zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzeko, eta testuinguru horretan kokatzen da eragozpen hori".
Horrekin batera, Udalak nabarmendu du "Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, kanpo-kontroleko organo gorenak, Amurrioko Udala fiskalizatu berri" duela bere "ohiko prozeduren barruan".
Udalak aitortu du 2025eko txostenean hainbat erreparo agertzen direla, "ohikoa denez", baina gaineratu du agertzen den "eragozpen nagusia prozesu zehatz bati lotuta" dagoela.
Gauzak hala, EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak ziurtatu du badaudela “kontrolerako eta fiskalizaziorako mekanismoak” eta “normaltasunez” funtzionatzen dutela. Horregatik uste dute EH Bilduren proposamenak ez diola “behar tekniko bati” erantzuten, “ekimen politiko bati baizik”.
Horri lotuta, "beste udalerri batzuetan izaten ari diren eztabaidak" Amurriora eramatea leporatu diote EH Bilduri. Oharrean ez dute zehazten zer eztabaida zehatzi egiten dioten erreferentzia, baina litekeena da Laudion udal udalekuen kontratazioan egondako irregulartasunei aipamena izatea. Izan ere, Laudioko EAJk salatu zuen zerbitzu hori kontratu zuzen bidez esleitu zela iaz, aurrekontua 60.000 euro baino gehiagokoa izan arren. EH Bilduk aitortu zuen akatsak egon zirela hainbat kontratazio prozeduretan, eta iragarri zuen azken 10 urteetako kontratazioen kanpo auditoretza bat kontratatuko zuela.
Zer dio Amurrioko kontu-hartzaileak?
Amurrioko Udal Gobernuaren erantzunaren aurrean, kontu-hartzailearen txostena helarazi die EH Bilduk zuzenean hedabideei. Bertan azaltzen denez, kontu-hartzaileak hainbat irregulartasun atzeman ditu: bidegabeko gastuak, isilbidezko luzapenak luzaezinak ziren kontratazio-espedienteetan, edo kontratu txiki gisa izapidetu direnak luzaezinak izan gabe. Hala ere, txostenak berak dio kontu-hartzaileak ez zuela zerbitzu horiek bertan behera uztea proposatu, “benetan emandako lanak” zirelako.
Bost kasu zehatz aipatzen ditu kontu-hartzailearen txostenak. Kasu horietako hirutan zerbitzuaren kontratua amaitu egin zen, eta Udalak enpresa berdinei ordaintzen jarraitu zien zerbitzua ematen jarraitu zezaten, legezko 15.000 euroko langa gaindituz.
Bost kasu zehatz aipatzen ditu txostenak. Kasu horietako hirutan zerbitzuaren kontratua amaitu egin zen, eta Udalak enpresa berdinei ordaintzen jarraitu zien zerbitzua ematen jarraitu zezaten, legezko 15.000 euroko langa gaindituz.
Hori gertatu zen Mendiko Eskolako garbiketa zerbitzuarekin, 117.490,87 euroko faktura sortu zuena 2025eko maiatzaren 1etik urriaren 31era. Enpresa berdinak beste kontratu bat zuen esleituta 2025eko martxoaren 31ra arte, eta apirilaren 1etik aurrera zerbitzua ematen jarraitu zuen, 29.930,67 euroko fakturarekin.
Hauxe Da aldizkaria ekoizteko kontratua ere luzatu egin zen irailaren 1etik aurrera, 23.067,87 euroren truke.
Udako igerilekuetarako lixibaren horniketak, aldiz, bost urtez jarraian gainditu du 15.000 euroko langa, 26.400,72 euroko faktura sortuz 2025ean.
Bukatzeko, Amurrio Antzokiko pelikulen kontratazioa ere agertzen da txostenean, 192,62 eurorengatik gainditu duelako 15.000ko muga.