Gaur bilera egin du Tubos Reunidoseko Enpresa Batzordeak ostegun arratsaldean jasotako komunikazioa baloratzeko eta ondorio argia plazaratu du komitearen gehiengoak: Maiatzaren 7ko galdeketari (printzipioz grebari buruzkoa izango dena) ez diotela zilegitasunik emango.
Sindikatu gehienek (ELAk, LABek eta ESK-k) babestu dute jarrera hori eta erantsi dute ekimenak ez dituela Lan Hitzarmen Kolektiboa eta Langileen Estatutua betetzen. Horrekin batera, salatu dute ez dietela bildutako sinaduren gaineko informaziorik eman eta guzti hau zuzendaritzaren mugimendua dela langileak banatzeko.
Bide batez, azpimarratu dute multinazionaleko arduradunek ez dietela erantzuten eta ez direla eurekin biltzen.
Gauzak horrela, batzordearen gehiengoak animatu du jendea borrokan jarraitzera helburuak bete arte eta bereziki gonbidatu dituzte osteguneko piketean parte hartzera.