Hartzekodunen borondatezko konkurtsora sartzea erabaki du Tubos Reunidos S.A.-ko Administrazio Kontseiluak. Gaur arratsaldean jakinarazi dio erabakia multinazionalak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari. Konpainiak argudiatu du azken hilabeteetan bere altxortegian pairatu dituen "tentsioengatik" hartu duela erabakia, eta Amurrioko fabrika geldirik egoteak egoera larriagotu duela. Horregatik, enpresak ziurtatu du "berehalako kaudimengabezia egoeran" dagoela.
Enpresako buruek jakinarazi dutenez, gaur aurkeztu dute eskaera Arabako auzitegietan. Hala azaldu du multinazionalak: "Hartzekodunen borondatezko konkurtsoaren deklarazioa aurkezteko erabakia (sozietatearen filialen administrazio-organoak ere hartu duena) kanpoko aholkularitza eskatu ondoren hartu da, sozietatearen eta haren filialen hartzekodunen, langileen, hornitzaileen eta akziodunen interesak babesteko helburuarekin".
Hala ere, Tubos Reunidosek gaineratu du Administrazio Kontseiluak lanean jarraituko duela "sozietatearen eta bere filialen jarraikortasuna bermatuko duen bideragarritasun plana" garatzeko, baina ziurtatu du gaur gaurkoz ez direla konpainiaren bideragarritasuna bermatzeko beharrezko baldintzak bete, "kutxan sarrera nabarmenik" egon ez dela azpimarratuta.
Kaleratzeak bertan behera
Gauzak horrela, espediente bitartez egin nahi zituzten kaleratze guztiak eten ditu momentuz enpresak. Berez, zuzendarirtzak iragarri zuen finantzazioa lortu ezean, ez zituztela gauzatuko eta, konkurtsoa dela medio, ezer ezean geratu dira une hauetan.
Egoera berria azaltzeko, bilerak egingo ditu konpainiak Amurrio eta Trapagarango Langile Batzordeekin asteazkenean.
Tubos Reunidosen erabakia grebaren inguruan antolatutako galdeketaren testuinguruan eman da. Enpresa Batzordeak komunitatua plazaratu du eguerdian esateko ez diola zilegitasunik emango ostegunerako programatutako bozketari, eta piketea indartzeko deia zabaldu du.
Burtsatik atera dute enpresa
Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak, bere aldetik, jakinarazi du "kautelaz eten" duela Tubos Reunidosek burtsan zuen jarduna, "balore horien gaineko eragiketen garapen normala eragotz dezaketen inguruabarrak daudelako".