Tubos Reunidos

Tubos Reunidoseko greba mugagabea bertan behera uztea eskatu dute goizeko batzarrean parte hartu duten 232 pertsonek

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko maiatzaren 7a

Greba mugagabearen jarraipena bozkatzeko batzarra egin dute gaur goizean Amurrioko lantegian. Bertan parte hartu duten 234 langilek Ertzaintzak babestuta eta piketean zeuden ehunka kideren protesten artean sartu dira fabrikara. Grebalarien iritziz, "greba eskubidearen kontrako aurrekari arriskutsua" ezartzen du gaurko gertakariak.

Berebiziko eguna du gaurkoa Tubos Reunidoseko greba mugagabeak. Lanuztea abiatu eta 88 egunera greba bertan behera uzteko batzarra egin dute 200 langile baino gehiagok Amurrioko fabrikan. Aiaraldea Komunikabideak zuzeneko kontaketa egin du, minutuz minutu.

Goizean goizetik presentzia poliziala nabaria izan da Amurrioko piketean. Ertzaintzaren Brigada Mugikorraren sei ibilgailu eta beste sei auto bertaratu dira eta zubitik mugiarazi ditu piketean elkartutakoak. Grebalariek alfonbra gorria zabaldu dute lantegi atarian, bozketan parte hartuko zuten langileei "ongi etorria" emateko asmoz.

Bozketan parte hartu nahi zutenek, aldiz, Iparraldeko tren geltokian jarri dute hitzordua, 7:55ean. Ehundik gora langile batu dira "martxa lasai" gisa kalifikatu duten deialdira. Errepidetik oinez bete dute Amurrioko San Jose auzoaren eta Tubos Reunidos fabrikaren arteko distantzia.

9:00ak pasata iritsi dira lantegira asanbladan parte hartu nahi dutenak. Grebalarien oihu artean eta Ertzaintzak babesturik sartu dira batzarrera.

232 boto grebaren aurka

Bi orduz luzatu da batzarra. Orotara 234 langilek hartu dute parte eta bi galderari erantzun behar izan diote bozka bidez. Lehendabizi, greba mugagabearen jarraikortasuna erreferendum bidez ebatzi nahi zuten erantzun dute, eta parte hartzaile guztiak agertu dira horren alde.

Bigarrenik, greba mugagabearen jarraikortasuna bera bozkatu dute. Guztira 232 boto zenbatu dituzte greba etetearen alde, boto bat grebarekin jarraitzearen alde eta azken boto bat zuri.

13:00etan atera dira batzarreko parte hartzaileak lantegitik. Poliziak babestuta, sarrerako eskema berdina errepikatu da: piketean elkartutako ehunka lagunen txalo eta txistuak. Batzarraren deitzaileek ekintzaren balorazio positiboa egin dute, "piketeak baino 234 langile gehiagori ahotsa eman" dietela aldarrikatuz.

Oso bestelako irakurketa egin dute grebalariek. Oier Bidaurrazaga enpresa batzordeko kideak eta LAB sindikatuaren ordezkariak "zuzendaritzaren zirku" gisa kalifikatu du gaur Amurrioko fabrikan gertatutakoa. Tubos Reunidosen gehiengoa diren ELA, LAB eta ESK sindikatuek azpimarratu dute gaurko batzarrak "greba eskubidearen kontrako aurrekari arriskutsua" ezartzen duela.

Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide