Tubos Reunidos

Atzoko galdeketak zerbait aldatzen du Tubos Reunidosen edo grebaren kontrako estrategiaren urrats berria baino ez da?

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 8a

Atzoko piketeko irudi bat. / Aiaraldea.eus

Atzo 232 langilek bozkatu zuten Tubos Reunidoseko greba bertan behera uztearen alde, baina beharginen laurden batek adierazitakoak eragina izango du lanuztean? Erantzuna gaur bertan etorri da, zuzendaritzak autobusa eskainiko baitie lanera joan nahi dutenei, demokrazia sustatzea baino,  greba apurtzea delako zuzendaritzaren asmoa. Hori guztia, multinazionalak berak sustatutako kudeaketa ilun batekin uztartu behar da, ulertzeko langileek bizi duten egoera psikologiko kritikoa.

Atzo Aiaraldeak, berriro ere, hedabide guztien arreta erakarri zuen egoera sozioekonomikoagatik. Tubos Reunidoseko 234 langilek bozkatu zuten ia aho batez greba amaitu behar zela, baina, argi eta garbi, indar hori ez da nahikoa ez sindikatu deitzaileen jarrera aldatzeko, ezta enpresa berriro abian jartzeko ere.

Alde batetik, Langile Batzordearen gehiengoak iragarri zuen galdeketak ezin zuela greba eskubidearen kontra egin. Bestetik gehiengo sindikalak salatu zuen bozkatzaile gehienak lan hitzarmenetik kanpoko kideak direla (bulegokoak, nagusiki) eta, ekoizpeneko batzuk ere egonda ere, lantegiak berriro ekoiztu dezan, agertutako berhagin baino askoz gehiago ez ezik, postu arduradun guztiak ere beharko lituzkete ("prebentziorako bitartekoak" deiturikoak). Izan ere, apirilaren 3an langile bat piketea ez zegoen orduetan sartu zen fabrikan eta hurrengo egunean segurtasunak adierazi zion ezin zuela barrura jo aipatutako prebentziorako bitartekorik gabe.

Atzo greba bertan behera uztearen alde bozkatu zutenekin soilik enpresak ezin du lantegia berriro abian jarri.

Horrez gain, greban dauden langileak ezin dira ordezkatu eta gehienek ez daukate mugikortasunik, hau da, ezin dira lanpostu batetik bestera aldatu besteen ardurak betetzeko. Hortaz, kontuek ez dute ematen grebalaririk gabe lan egiteko.

Greba apurtzea hedabideen boterearekin

Pentsa liteke batzarraren eta galdeketaren antolatzaileek jende gehiagoren parte hartzea espero izatea greba indargatzeko, baina gaur egun 234 pertsona langile kolektibo osoaren laurdena baino ez da, eta ezin dute aldarrikatu gehiengoak euren jarrera babesten duenik.

Edonola ere, susmatzekoa da galdeketa sustatu zutenak horren jakitun izatea, baina gehiengoaren bozkak jasotzea ez da inoiz izan ekimenaren helburua, xedea gehiago izan baita greba ahultzea eta gehiengo sindikala urratzea. 

Norabide horretan, ez da harritzekoa hurrengo urratsa egin izana enpresak gaur, autobusak eskainita lanera joan nahi dutenei. Ikusteke dago zenbatek erantzungo duten. Izan ere, batzarrean parte hartu zuten asko bulegoko langileak dira eta horiek, orain arte bezala, etxetik egin dezakete behar.

Zuzendaritzaren maniobra

Ukatu gabe langile batzuek fede onez jokatu izana uste dutelako lanpostura itzultzea hobe dela, bistakoa da atzoko mugimendua zuzendaritzari estuki lotuta etorri dela. Zehazki, hartzekodunen konkurtsoaren atarian aurkeztu zuten ekimena, presio ahalik eta handiena sortzeko sindikatuen gehiengoaren kontra. Timing-a ez da nolanahikoa izan eta une egokiena itxaron dute efektu kolpearen bila.

Logika berean txertatu behar da asteazkeneko bilera enpresa arduradunen eta langile ordezkarien artean. Kanpora begira negoziazio itxura eman nahi zuten, baina bileran bertan ez zuten inolako informaziorik eskaini konpainiaren egoerari buruz. Trapagaranen, aldiz, beharginei saldu zieten izendatuko duten administrariari eskatuko diotela kanpoan altzairua erostea ekoizpenari ekiteko (argitu gabe nondik aterako duten dirua, bide batez, edota noiz izendatuko duten administraria). Bien bitartean, Amurrion utzi zuten mezu bakarra izan zen greba bukatzea nahi zutela.

Greba eztabaidaren erdigunean jarrita, behin eta berriro ateratzen da iritzi publikotik nork eta nola eragin duen zorra eta zordun bakarra ez dela SEPI, BBVA eta bestelako zordunak ere badaudelako.

Mugimendu horiekin guztiekin, zuzendaritzak bilatzen duena, greba apurtzeaz gain, bada errelatoaren kontrola. Hau da, ia 300 milioi euro baino gehiagoko zorra sortu dutela eztabaida publikotik ateratzea, sindikatu mobilizatuen kontra jarriz iritzi publikoa. Puntu honetan, gogoratu behar da zorraren lehen zatiaren jatorria 2008an dagoela, Condesarekin fusionatzeko eskatutako mailegu batean, gerora itzuli ez zutena, fusioa bertan behera geratu zen arren. 

Nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzatik agertu diren adierazpenek ere enpresarekin bat egiten dutela, Mikel Jauregi Industria Sailburuak soilik aipatu baititu inbertitzaileak eta bake soziala giltza gisa egoera iraultzeko (inoiz ez da aipatzen zuzendaritzak egiten duena edo egin behar duena).

Edonola ere, errelatoa eraikuntza soziala da, hedabideek sortutakoa. Argi eta garbi, botere bigun oso oso indartsua da, baina ez du aldatzen sindikatu gehienek nahi izanez gero, greba mantenduko dela eta litekeena dela lantegia geldirik jarraitzea.

UGT eta CCOO laguntzaileak

Grebaren sindikatu deitzaileak kenduta, Tubos Reunidoseko zuzendaritzak baliatutako divide et impera taktikak ezinbesteko babesleak izan ditu. Alde batetik, Vocento taldea eta El Correo egunkaria, biak Neguriko familietara (eta Tubos Reunidoseko jabeetara) ondo lotuta. Alderatzea baino ez dago gainerako hedabideek eta Vocentok bozketari eman dioten garrantzia eta ikusmira. Besteek albiste bat gehiago bezala landu duten bitartean, El Correok azalerara eraman eta hainbat albistetan banatu du, premia sentsazioa biderkatuta eta biktimismoaren karta jolastuta.

Horri gehitu behar zaio zuzendaritzatik hurbil dagoen jendearen rola. Atzoko batzarraren presidentea Hego Koreako eta Txinako Salmenta arduraduna izan da, eta idazkaria arlo komertzialeko kide bat. Aldiz, ikuskatzaileak IT aplikazioen arduraduna eta Eraginkortasun eta Energien arduraduna izan dira. Komunikazioaren sinatzailea, ordea, Tubos Reunidoseko Merkatu Nazionaleko arduraduna da. Zalantzarik egon ez zedin, martxaren lehen lerroan kokatu ziren, eta eurek sinatu dituzte Telegram bidez zabaldu diren komunikatu guztiak. 

Jakina, CCOO eta UGT sindikatuek (gutxiengoa direnak Amurrion) ere zeresana eman dute. CCOOri buruz ezer gutxi jakin izan dute Langile Batzordean greban zehar, salbu langile bat kaleratzear dagoela CCOOko ordezkari bati buruzko meme bat egiteagatik. Sindikatuko kideak enpresako linea etikoan salatu zuen eta litekeena da kaleratzea eragitea. UGTko gehienek (baten batek piketean eutsi dio eta hori ere aitortu beharra dago) jarrera anbibalentea erakutsi dute, baina atzo argi eta garbi lerrokatu ziren grebaren kontra eta adierazpenak harago eraman zituzten, enpresari exijituta baliabideak jar ditzala lanera sartzeko (hau da, autobusak). Kasualitatez, enpresak gaur bertan bete du sindikatuaren desioa.

ELA, LAB eta ESK gutxiengo sindikala izango balira eta greba egiteko galdeketa eskatuko balute, hedabideen (bereziki, Vocentoren) arreta erakarriko lukete ere? 

Gaur gaurkoz bizi duten egoera beste modu batean ikusteko, zer gertatuko litzateke ELA, LAB eta ESK gutxiengo sindikala izango balira eta galdeketa deituko balute greba egiteko (eta ez bertan behera uzteko)? Hedabideen arreta erakarriko lukete? El Correoren azala izango genukeen azaltzeko langileen laurden baten bozkekin demokrazia urratzen dela? Zalantzagarria dirudi.

Estrategia zaharrak

Komunikabideek emandako ikusgarritasunagatik, norbaitek pentsa dezake atzokoa berria dela, baina Aiaraldean horrelako ugari ikusi dira jadanik. Tubacexeko greba garaian ere saiakera egon zen antzeko galdeketa deitzeko, baina langile kaleratuek gelditu zuten. Guardianen ere sindikatuen iritziaren kontra onartu zuten langile gehienek multinazionalak eskaintzen ziena, epaiketara jotzeari uko egitearen truke, jakina. Egun horretan mehatxuak sindikatuen ordezkarientzat izan ziren, baina inork ez zuen ezer salatu.

Izan ere, maiz aipatzen da piketeek eragiten duten presioa, baina inoiz ez enpresek sortzen dutena aktiboki edo pasiboki.

Egoera berri baterantz itsu-itsuan

Hartzekodunen konkurtsoak zalantzak sortzen ditu nonahi, ezjakintasuna biderkatzen duelako, hori bistakoa da. Langile batzordearen gehiengoak hurrengo astean berriro kokatu beharko du bere estrategia ikusgai dauden puzzlearen puskak batuta (espedientea, konkurtsoa, epeak...) eta euren afiliatuekin deituko dituzte bilerak, legalki egoera ondo aztertu ostean.

Hartzekodunen konkurtsoak mugarria jarri du txarrerako eta salbu zuzendaritzak, inork gutxik daki zein den euren apustua. Ahaztu ezin dena da atzoko ikuskizun penagarriak eragina duela ere eskualdetik kanpo eta plano ireki horri ere erreparatu behar zaio. Izan ere, mezuaren hartzailea SEPI bera izan daiteke. Hau da, enpresak erabili ahal izan ditu langileak beste behin ere ez soilik sindikatuak sakatzeko, baizik eta SEPI (erakunde publikoa den neurrian) presionatzeko eta gerra zibil giroa transmititzeko. 

Maiz aipatzen dute hedabideek piketea presio tresna handia dela, baina gutxitan zuzendaritzaren informazio faltak langileengan suposatzen duen presio psikologikoa eta etengabeko ezinegona.

Azken helburua, nola ez, 120 milioi eurotik gorako zorra ezerezean utzi edo murriztea da, BBVA eta bestelako hartzekodun pribatuak eztabaida publikoan aipatzen ez diren bitartean.

Okerrena da langileek ez dakitela ezer enpresaren asmoei buruz. Une hauetan zein aurrekoetan kudeaketa beti bezain iluna izaten ari da eta asteazkenean langile batzordeak galderak egin zituenean, ez zuen erantzunik jaso. Zehazki, egon diren inbertsore interesatuei buruz itaundu zutenean, CEOak mahaian kolpea eman zuen eta bilera amaitu zuen. 

Informazio falta horrek eragin zuzena dauka langileengan, presio tresna izugarria da, eta batzuek jadanik kanpoan ikusten dute bere burua, enpresaren egoeragatik eta ez daudelako prest psikologikoki etengabeko ezinegona jasateko. Presio hori maiz ez da aipatzen, baina edozein piketek sortu ahal duena baino nabarmen handiagoa da. Beharginek jakingo balute benetan nora doan multinazionalaren kudeaketa, erabaki ahalko lukete, modu askean eta kontzientean, zer egin, baina aukera hori ukatzen zaie etengabe eta erabaki behar dute, beldurrak baldintzatuta.

Gauzak horrela, atakak espekulaziorako tartea baino ez du ematen, eta hor bi bide irekitzen dira, biak beldurgarriak. Alde batetik, zuzendaritzak hasieratik zuela pentsatuta konkurtsora heltzea eta kaleratze boluntarioak ordaintzeko asmorik ez zuela, baina bai espedientearen aldeko sinadurak lortzea. Logika horren barruan zuzendaritzak urrats gehiago ditu pentsatuta (greba apurtzeko saiakerak erakusten duen moduan) eta hor aldagai gehiago daude: zordun pribatuak asetzea SEPIri zorra barkatzea eskatu bitartean, espedientea baliatzea (momentuz etenda dago, baina ez kenduta), altzairua kanpoan erostea... Baina hori, egotekotan, zuzendaritzak baino ez daki.

Beste aukera, are etsigarriagoa, bada zuzendaritzak ez duela inolako ideiarik egoera horretatik ateratzeko eta amildegira eramaten duela enpresa. Irudi guztia ikusita, benetan greba da honen arazoa?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide