Atzoko galdeketaren ostean, urrats bat aurrera eman du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak, eta iragarri du Amurrioko lantegira sartzeko zein bertatik irteteko autobus zerbitzua jarriko duela datorren asteko asteartetik aurrera, maiatzak 12.
Multinazionaleko giza baliabideen departamentutik bidali diete jakinarazpena beharginei. Aipatu dutenez, helburua izango da langileek "segurtasun baldintza egokietan" joan ahal izatea lanera.
Zuzendaritzak zehaztu duenez, hainbat eskaera eta kontsulta jaso dituzte gai honi lotuta, eta horregatik hartu dute erabakia.
Erreakzioak
Atzoko egunak soka luzea ekarri du Tubos Reunidosen. Atzo bertan Vocento taldeak iragarri zuen batzarraren deitzaileek martxa bat deituko zutela egunero fabrikara lan egitera joateko.
Hala ere, gaur eguerdian komunikatua plazaratu dute atzoko ekimenaren antolatzaileek eurek, eta ez dute halakorik baieztatu. Arratsaldean, aldiz, mezu bat plazaratu dute esateko, zuzendaritzaren ekimenaren ostean, jada ez dutela beharrezkotzat ikusten horrelako martxarik antolatzea.
Nabarmendu dute “232 langilek gutxienez” erakutsi zutela greba amaitutzat emateko borondatea, eta horren arabera jarduteko eskatu diote Enpresa Batzordeari.
Bide horretan, “eredugarritzat” jo dituzte Trapagako Enpresa Batzordea zein langileak, “mota honetako egoeretan nola jokatu behar den” erakutsi dutelako.
Atzo bertan Vocento taldeak iragarri zuen batzarraren deitzaileek martxa bat deituko zutela egunero fabrikara lan egitera joateko. Hala ere, gaur arratsaldean mezua plazaratu dute jakinarazteko, zuzendaritzarekin azken erabakiaren ostean, ez dutela horrelakorik antolatzeko beharrik ikusten.
Era berean, defendatu dute atzoko batzarrak ez duela “aurrekari arriskutsurik” markatzen, atzo Enpresa Batzordeko kideek eginiko kritikei erantzunez, eta nabarmendu dute “erakunde publiko eta inpartzial” batek ziurtatu duela batzarra egiteko aurkeztutako sinadurak egiazkoak zirela.
ELA, LAB eta ESK sindikatuek, euren aldetik, oharrak plazaratu dituzte atzo eta aurreko egunetan gertatutakoak salatzeko. Euren hitzetan, atzoko batzarra ez dator bat "legezko araudiarekin" eta, ondorioz, "baliogabea da eta bozketak ez du eraginik greban".
ELArentzat "deigarria" izan da “batzar horren sustatzaileek ez izatea inolako kritikarik enpresako zuzendaritzaren kudeaketari buruz”. Horrez gain, sindikatuak salatu du zuzendaritzak “gardentasun falta” izan zuela asteazkenean eginiko bileran.
Bere hitzetan, zuzendaritzak ez zien erantzun “Amurrioko Batzordearen gehiengoak (ELA, LAB eta ESK) egindako galderei, (…) eta Enpresa Batzordearen gehiengoaren parte hartze aktiborik gabe (CCOO eta UGT esku hartu gabe egon ziren), bilerak ez zuen 20 minutu baino gehiago iraungo”.
LABek “lotsagabetzat” jo du zuzendaritzak bilera horretan izandako jarrera, langileen ordezkariei hartzedunen konkurtsoari buruzko inolako informaziorik helarazi ez zietela nabarmenduta. Era berean, fokua etengabe “grebalariengan eta langileen borrokan” jartzea deitoratu du sindikatu abertzaleak, gatazkaren jatorria greban ez dagoela gogoraraziz.
Gauzak hala, borroka “inoiz baino beharrezkoagoa” dela aldarrikatu du langile erakundeak, “erantzukizunak eskatzeko, Tubos Reunidosek bizi duen egoerari buruzko egia guztia ezagutzeko eta langileen eskubideak eta etorkizuna defendatzeko”.
Antzeko iritzia plazaratu dute ESK-ko kideek ere. Euren iritziz, greba ez da “asanblada inprobisatu” batean jaiotzen, “erabaki kolektibo antolatu eta legalki erregistratua” delako “Tubos Reunidoseko zuzendaritzak planteatutako eraso basatiaren aurrean”. Gauzak hala, zalantzan jarri dute atzoko batzarraren zilegitasuna, eta greba deialdiak indarrean jarraitzen duela aldarrikatu dute. “Puntu honetan, komeni da gauza bat gogora ekartzea: enpresak ikusten duenean langileak banatu egiten direla, are gehiago gogortzen ditu bere erasoak”, ohartarazi dute.
Mobilizazioek ez dute etenik
Bien bitartean, mobilizatzen jarraitzen dute Tubos Reunidoseko grebalariek. Gaur lantegitik Amurriora egin dute martxa, ostiralero bezala. Ehunka behargin batu dira errepidetik joan den manifestazioan.
Argazkiak: Tubos Reunidoseko langileak