Amurrio Musikazale Elkartea osatu dute, herriko musikariak antolatzeko asmoz

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko maiatzaren 26a

Eskualdeko ehun musikari baino gehiagok babestu dute elkartea. / Aiaraldea.eus

Datorren ekainaren 7an aurkeztuko dute jendaurrean Amurrio Musikazale Elkartea. Hilabeteak daramatzate lanean, eta tokiko ehun musikariren atxikimendua lortu dute, Amurrion entsegu-lokalen eta zuzenekoetarako espazio baten beharra aldarrikatuz.

Burubio atzean utzita, Amurrioko musikariek ez dute musika-tresnak apartatzeko asmorik. Amurrio Musikazale Elkartean antolatzeari ekin diote Burubion entseatzen zuten taldeek. Denbora laburrean eskualdeko ehun lagun baino gehiago biltzea lortu dute, eta musikaz gozatzeko espazio berri bat lortzera bideratuko dituzte indarrak orain.

Miguel Rodriguez-Valdes Gwa Ya taldeko kidea da elkarteko lehendakaria. Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez “musikariak elkartu eta musika egiteko toki aproposa lortzea” da elkartearen helburua, eta erakundeekin biltzeari ekin diote horretarako. Amurrioko Udalarekin lehenengo bilera bat egin dute berriki eta, zuhurtziaz bada ere, “positiboki” baloratu dute aurreneko bilkura hori. “Refor enpresaldean badira aspaldiko entsegu-lokal batzuk eta horiek birgaitzeko bidean gara”, aurreratu dute. Tailerrak eta ikastaroak martxan jartzeko asmoa ere adierazi du Gwa Ya taldeko perkusionistak.

“Refor enpresaldean badira aspaldiko entsegu-lokal batzuk eta horiek birgaitzeko bidean gara”

Ikusteke dago bide horrek fruiturik emango duen baina, bien bitartean, Musikazale elkarteak ez du geldirik egoteko asmorik. Izenak dioen modura, musikariengan soilik ez, zaleengan ere jarri nahi dute arreta. “Zuzeneko musikak duen garrantzia aldarrikatu nahi dugu ere. Burubio itxita leku gutxi geratzen dira kontzertuez gozatzeko eta horretan ere egin nahi dugu azpimarra”, azaldu du Rodriguez-Valdesek. Musikazale Elkartearen bidez harremanetan jarri nahi dituzte musikariak eta zuzenekoak antolatu nahi dituztenak: “Taberna edo herriko talderen batek kontzerturen bat antolatu nahi badu, tokiko musikariekin harremanetan jartzen lagundu nahi diegu”.

Sukalde lanetan aritu dira orain arte Musikazale Elkarteko kideak. Datorren ekainaren 7an, Txakolin Egunarekin bat eginez, jendaurrean aurkeztuko dute jarduna. Musika tresnekin postua atonduko dute kalean eta jam sessiona eskaini; bertaratzen diren herritarrek hainbat instrumentu probatzeko aukera izango dute gainera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide